Aparkamenduen erregulazio sistemaren udako aldia irailaren 15ean amaituko da

2019/09/11
Iaz bezala, salbuespenak egongo dira eta urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak egongo dira: Ardantzabide kalean egoiliarren eremua mantenduko da, eta hainbat gunetan errotazio handiko eremuen sistema aplikatuko da.

Sistema ekainaren 15etik aurrera egon da indarrean, eta hiru hilabeteren ostean, astelehenetik aurrera, herriko egoiliar guneak edota errotazio altu zein TAO eremuak ez dira indarrean egongo. Dena den, iaz bezala, salbuespenak egongo dira eta urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak egongo dira (albistearen amaieran ikusi daitezke zehaztapen guztiak).

Udalak aldaketa baten berri eman du: orain artean IPARK enpresaren esku zegoen TAO zerbitzuaren kudeaketa, baina hurrengo urteetan EYSA enpresak kudeatuko du Zumaiako OTA zerbitzua. Aldaketa hori dela eta, irailaren 16an errotazio handiko hiru makinak aldatuko dira. Aldaketa horrekin, ordainketa app bidez egin ahal izango da.

Bestalde, egoiliar txartelak gordetzeko eskatu du Udalak, hurrengo urtean erabilgarria izango delako.

Aparkalekuen erregulazio sistema zerbitzuaren arauak (irailaren 16tik aurrera):

Egoiliarren eremuak:

  • Ardantzabide kalea urte osoan zehar egoiliarrentzat gordeta egongo da. Horietan Ardantzabide kaleko egoiliar txartela dutenek aparkatu ahal izango dute.
  • Gainontzeko eremuetan (Alde zaharra-San Jose; Arrangoleta-Amaia plaza-Poligonoa) egoiliarren sistema ez da aplikatuko urtean zehar.

Errotazio altuko eremuak:

  • A eremua: Urte osoan zehar indarrean. Ordu muga, orain arte bezala, 90 minutukoa izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat bertan aparkatzeak doakoa izango da. Gainerako ibilgailuek doan izango dituzte lehen 30 minutuak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da orain arte bezala tiketa makinan inprimatzea.

A1 azpi-eremua: Txomin Agirre Kaia

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 13:00etara

A2 azpi-eremua: Amaiako Plaza

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 13:00etara

A3 azpi-eremua: Anbulatorioa

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara

  • C eremua: Udaletxe pareko gunea. Urte osoan zehar indarrean. Ordu muga, orain arte bezala, 30 minutukoa izango da.

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 12:30era

  • Gainontzeko eremuetan (B1: Zubitxikitik Moilaberriko zubira; B2: Alai, Eroski aurreko gunea) errotazio handiko eremuen arauak ez dira aplikatuko urte osoan zehar.

 

Argazkia: Baleike