Urola plazako aparkalekua berrantolatuko du Udalak egunotan

2025/07/14

Astearte honetan (uztailak 15) hasiko dituzte Urola plazako aparkaleku gunearen margoketa-lanak. Ondo bidean, lanak ostiralerako amaituko dituzte, asteburuan aparkalekuak erabilgarri egon daitezen. Aparkalekuen antolamendua aldatuko dute, plaza gehiago lortzeko.

Urola plazako aparkaleku gunea hobetzeko margoketa-lanei ekingo die Zumaiako Udalak uztailaren 15ean (asteartea). Lanak ostiralerako amaitzea aurreikusten da, astebururako aparkalekua erabilgarri egon dadin. 

Egun, eremu horretan nahaste handia egoten da aparkatzeko orduan: kamioientzako markak baino ez daude, eta ez dago argi zenbat plaza dauden guztira. Egoera horri irtenbidea emateko, Udalak aparkalekuak ordenatuko ditu eta antolamendu berria ezarriko du, autoentzako aparkaleku plaza gehiago sortu ahal izateko.

Lanok amaitutakoan, guztira 130 aparkaleku izango dira, horietatik 6 autokarabanentzako gune berezituak. Horrela, Urola plazako aparkalekua herritarrentzat eta bisitarientzat egokiagoa eta irisgarriagoa izango da.

Obrak egin bitartean eremua ez da erabilgarri egongo. Ondorioz, uztailaren 14 (astelehena) arratsaldeko 20:00etarako auto guztiak bertatik kendu beharko dituzte gidariek. Eremuan jakinarazpena aste honetan bertan jarriko dute.