ARDANTZABIDEKO PLAN BEREZIA BEHIN BETIKO ONARTU DA UDALEKO OSOKO BILKURAN

2016/11/25

Zumaiako Udalak atzo arratsaldean egindako ohiko osoko bilkuran, besteak beste, behin betiko onespena eman zion Ardantzabideko Plan Bereziari.

-       Planak auzoko aparkalekuaren antolamendua hobetu eta egoiliarrak lehenesten ditu.

-       Horrez gain, udal administrariekin sinatutako akordioa, udal zinegotzi berriaren kargu hartzea eta Moilaberriko eraikinean industria ondarearen zentroa kokatzearen inguruko mozioa eta horri aurkeztutako emendakina onartu dira atzoko bilkuran.

-       Era berean, Udalak Euskararen eta Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionalak babestu ditu.

Zumaiako Udalak atzo arratsaldean egindako ohiko osoko bilkuran, besteak beste, behin betiko onespena eman zion Ardantzabideko Plan Bereziari. Plana udalbatzaren 12 botoekin onartu zen; EH Bilduk, PSE-EEk eta gobernu taldeko 5 kideek alde bozkatu zuten. Abstentzio bakarra egon zen. 

2017an Ardantzabiden irekiko den supermerkatuak mugikortasun aldetik auzoan eragin ditzakeen aldaketak aintzat hartuta, eta bertako zein herriko aparkalekuaren antolamendua hobetzeko konpromisoari helduta, auzotarrekin bildu eta haien ekarpenak jaso eta aztertu zituen udal gobernuak irailean Plana osatzeko. Hilaren bukaeran dagokion prozedura administratiboari hasiera eman zion dokumentuaren behin- behineko onespenarekin eta horren ondoren, legeak ezarri modura, herritarrek 20 egun izan zituzten proposamen eta helegiteak aurkezteko.

Horiek horrela, epe horren baitan jasotako alegazioak kontuan hartuz, zenbait aldaketa egin dizkio gobernu taldeak Planari, betiere, mugikortasun eta irisgarritasunari begira, auzotarrak eta oinezkoak lehenetsiz eta babestuz. “Plana osatzeko garaian Ardantzabideko bizilagunak eta bertatik igarotzen diren oinezkoak izan dira gure lehentasun nagusia, eta irizpide zein oinarri horiei jarraituz zenbait alegazio onartu ezin izan baditugu ere, guztien parte-hartzea eta laguntza eskertzen ditugu” adierazi du alkateak, Oier Kortak. Aparkalekuen %75 egoiliarrentzat (bertakoentzat) gordetzea eta gainerako %25 aparkaleku libre gisa eskaintzea jasotzen du Planak. Neurri horren bitartez egun auzoan dagoen aparkalekuaren antolamendua zuzendu eta hobetzea da helburua, auzotarrei beren beharretara egokitutako irtenbidea eskainiz.

Era berean, udal gobernua akordio batera iritsi da berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuten udal administrariekin eta hitzarmena aho batez onartu zen atzoko osoko bilkuran. Horri esker, 2012tik administrariek zuten egoera desblokeatzea lortu du gobernuak. Hitzarmenak administrari lanpostuari dagokion ordainsaria ordaintzea jasotzen du, 2008-2009 bitartean Zumaiako Udalean egin zen udal lanpostuen balorazioaren arabera. Dena den, alor ekonomikoaz haratago, administrariekin adostasuna lortu eta haien lanari dagokion balioa eman izana azpimarratu du gobernuak.

Udal zinegotzi berria

Bestalde, atzo arratsaldean Xabier Garmendiak uko egin zion zinegotzi karguari eta orain Ane Arregi zumaiarrak hartuko du haren lekukoa. Garmendiak bertan behera utzi zituen irailean udal batzorde zein gobernu taldeko eginkizunak eta atzo udalbatzako kide izateari ere utzi zion. Beraz, aurrerantzean Arregik beteko du kargu hori eta EAJ-PNVko zinegotzi lanetan arituko da gobernu taldearekin.

Industria ondarearen informazio zentroa

Halaber, PSE-EEek Moilaberriko estazioan industria ondarearen informazio eta interpretazio zentroa kokatzeko ZIIZ elkarteak egindako eskaera aurkeztu zuen mozio bidez. Eraikin hori, ordea, Eusko Jaurlaritzarena da, baina industriarekin duen lotura zuzena, horren kokapena eta balio arkitektonikoa azpimarratu zituen PSE-EEk industria zentroa bertan kokatzeko arrazoi nagusi gisa. Zentroaren helburua Zumaiaren ondare industriala babestea eta ezagutaraztea izango litzateke. Horrez gain, turismo bulegoa eraikin horren beheko solairuan kokatzea ere proposatu zuen PSE-EEk. Mozioa aurrera atera zen EH Bilduren babesarekin; EAJ-PNVren udal gobernuak aldiz kontra bozkatu zuen eta emendakin bat aurkeztu zuen gaiaren inguruan. Horren arabera, Zumaiako industria ondarea babestu, indartu eta ZIIZ elkarteak egiten duen lana balioan jarri eta haien ekimenak aurrera eraman ahal izateko, elkarteari gune bat eskaintzeko konpromisoa hartu du. Emendakina onartu egin zen gobernuaren eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta beraz, mozioaren gain nagusitu zen, azken hori aldatuz. EH Bilduk, ordea, kontran bozkatu zuen eta taldearen bozeramaile Alex Olidenek ZIIZen erakusketa gunea Moilaberrin kokatzeari ateak ez istea eta gaia aurrerago berraztertzea proposatu zuen.   

Adierazpen instituzionalak

Era berean, udalbatzan bi adierazpen instituzional onartu ziren, EH Bilduk aurkeztutako Euskararen Egunaren ingurukoa bata eta Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren gainekoa bestea.

Lehenak, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, euskara biziberritu, indartu eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzea du helburu.

Halaber, azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak bat egin du indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, “Istanbuleko Hitzarmenarekin”, alegia. Era berean, bere esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa hartu du. 

Altsasuko gertakarien aurrean Udalaren akordioa

Bestalde, azken egunotan Altsasun izan diren gertakarien aurrean, eta Altsasuko Udaleko gehiengoak hartutako erabakia oinarri, EH Bilduk honako akordioa proposatu zuen atzoko bilkuran. 

1.- Altsasuko Udalak 2016ko azaroaren 16ko osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraiki,  “Altsasu” lelopean, azaroaren 26rako 13:00etan Altsasuko Udalak, atxilotuen senitartekoek eta Altsasuko herritarrek deitutako manifestazioarekin bat egitea.

2.- Akordio honen berri Altsasuko Udalari jakinaraztea.

Proposamena aho batez onartu zen. 

Amaitzeko, EH Bilduko Josu Arrieta zinegotziak Guascorreko lurrak erosteko enkantean parte hartzeko eskaera egin zion udal gobernuari, zeinak gaia aintzat hartu eta aztertuko zuela adierazi zion.