Torreagaberri proiektua gauzatzeko beharrezkoa den arau subsidiarioa aldatzea onartu du osoko bilkurak

2020/07/30
Torreagako etxebizitzak eraikitzeko prozesua martxan jartzeko ezinbesteko pausua da Zumaiako Arau Subsidiarioaren aldaketa da; jendaurrean aurkeztu ostean, udalbatzak ahobatez onartu du aldaketa. Behin behineko komunikazio arduradun lanpostua sortzea onartu dute plenoan, alderdi guztien adostasunarekin. Gainera, Gobernu Batzordeak aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoaren eskaintza onartu du.

Zumaiako Udalak uztailaren hasieran aurkeztu zuen herritarren aurrean Isga Inmuebles SA eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SA enpresek sustatutako Zumaiako 12.2 Torreaga esparruko 1. Puntuanueta II sektoreari buruzko Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketaren hirigintza-proposamena. Orain, osoko bilkurak eman dio behin behineko onarpena.

Torreagako eremuan egin beharreko etxebizitza eta hirigintza-antolaketari dagokion prozesua luzea izan da. Hasiera batean Torreagan kokatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak Puntanuetako eremura mugitu zituzten; prozesu hori bertan behera gelditu zen, eta gerora, Babes Ofizialeko Etxebizitzak hasierako lekura, Torreagako eremura, eramatea erabaki zuen Zumaiako Udalak 2018an. Proiektua aldatu izanak, Arau Subsidiarioaren aldaketa egitea ekarri du, Puntanueta eta Torreaga arteko lotura eteteko.

Arau Subsidiarioaren aldaketa egin ostean Torreagako etxebizitzen prozesuak aurrera jarraituko du. Eremu horretan 249 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, horietatik 52 Babes Ofizialeko Etxeak eta beste 52 etxebizitza tasatu. Gainera, 1.500 metroko lokal bat eraikiko dute, Udalarentzat izango dena.

Arau Subsidiarioaren aldaketa HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) osatzeko prozesutik kanpo egin da. Izan ere, aldaketa egiteko HAPOren onarpenaren zain egoteak, prozesua asko luzatuko luke. Hori horrela izanik, Torreagaberri proiektuari eragiten dion Arau Subsidiarioaren aldaketa HAPOn txertatuko dute honakoa onartzean.

Torreagaberri proiektuaren inguruan beste informazio saio bat egitea aurreikusten du Udalak, Arau Subsidiarioaren aldaketaren berri emateko.

Komunikazio arduradun lanpostua

Uztailaren 29ko ezohiko osoko bilkuran behin behineko langileentzat gordetako komunikazio arduradun lanpostua sortzea ere erabaki dute, aho batez.

Orain artean ohikoa izan da komunikazio zerbitzua enpresa desberdinei esleitzea, modu zuzenean, udal gobernu desberdinen aldetik. Horren aurrean, eta esleipena modu egokian egiteko, behin baino gehiagotan administrazio-pleguak prestatzen aritu dira teknikariak, funtzioa lehiaketa publiko bidez betetzeko.

Funtzioaren ezaugarriengatik, zailtasunak izan dira zehaztapenak egiteko, lan batzuk udal gobernuarekin harreman estua eta konfiantzazkoa izatea eskatzen dutelako. Egoera horren aurrean, teknikarien aldeko balorazio-txostenekin, baloratu da egokiagoa izango litzatekeela, lan horiek dituzten berezitasunengatik eta legeak espresuki ezaugarri horiek jasotzen dituen postuak aurreikusten dituelako, langileen lanpostuen zerrendan behin behineko langileentzat gordetako plaza sortzea lan horiek egiteko. Honakoaren izendapena eta kargutik kentzea alkateari dagokio.

Enplegu Publikoaren Eskaintza

Atzoko Gobernu Batzordean -EH Bilduko ordezkariek eta PSE-EEko ordezkariak osatzen dute organo hau- aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzea erabaki zuten, EH Bilduko ordezkarien aldeko bozkekin eta PSE-EEeko ordezkariaren abstentzioarekin.

Honako plaza-zerrenda honekin onartu dute aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoaren eskaintza:

  1. INGURUMEN TEKNIKARIA

  2. PERTSONALEKO/EUSKARAKO ADMINISTRARIA

  3. HAUR TEKNIKARI LAGUNTZAILEA

  4. LUDOTEKAKO HEZITZAILEA

  5. Administrazio Orokorreko Teknikaria

  6. INFORMATIKA TEKNIKARI-LAGUNTZAILEA

  7. KULTURAKO TEKNIKARI LAGUNTZAILEA

  8. PARTAIDETZA, MIGRAZIO, BERDINTASUN ETA GAZTERIA TEKNIKARIA

  9. IKASTETXEKO ATEZAINA

  10. KIROL PATRONATUKO GERENTEA

Gainera, Birjarpen Tasari dagokion Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu dute, kiroletako teknikari postuarentzat.

Enplegu Publikoaren Eskaintza hau betetzeko eskainitako plazen deialdia hiru urteko epe luzaezinaren barruan egitea adostu zuten Gobernu Batzordean.