Argazki rallyak eta pintura lehiaketak bat egingo dute ekainaren 7an

2026/05/18

Udaberrian egin ohi diren bi txapelketak ekainaren 7an izango dira aurten. Udal ordezkariek eta Distira argazkizale elkarteko zein pintura lehiaketako epaimahaikideek elkarrekin aurkeztu dituzte bi ekimenak.

Ekainaren 7an izango dira 2026ko kaleko pintura lehiaketa eta udaberriko argazki rallya. Alondegiko Oxford aretotik abiatuko dira bi txapelketetako parte hartzaileak goiz partean, eta Zumaiako kale eta txokoetan ariko dira argazkiak egiten nahiz margotzen. Eguerdian leku berean aurkeztu beharko dituzte beren lanak, 13:00etatik 14:00etara bitartean.

Udaberriko argazki rallya

Udaberriko argazki rallyan parte hartzeko interesa dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 9:00etatik 10:00etara bitartean, Oxforden. Parte hartzeko, nahikoa izango da kamera digitala eta memoria txartel propioa izatea. Txartelak leku berean deskargatu beharko dira 13:00etatik 14:00ak artean, eta horretarako, nahitaezkoa izango da txartelean 36 argazki egotea, JPG formatuan.

Horietatik bost aukeratu beharko dituzte parte hartzaileek (gehi kontroleko bat), eta ekainaren 14a baino lehen, mezu elektroniko bat bidali zumaia.udaberrikorallya@gmail.com helbidera, parte-hartzaile zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratutako argazkiaren artxiboaren izena adieraziz. Sari banaketa publikoki egingo da, aurrez zehaztutako egunean, orduan eta lekuan. 

Kaleko pintura lehiaketa

Argazki rallya bezala, kaleko pinturarena ere lehiaketa irekia da parte hartu nahi duen herritar ororentzat. Gaia irekia izango da, baina antolatzaileek eskatu dute Zumaiarekin zuzeneko nahiz zeharkako lotura izan dezatela sorkuntzek. Lanen euskarriak 9:00etatik 11:00ak artean zigilatuko dituzte Oxford aretoan, eta leku berean jasoko dituzte lanak amaitutakoan, 13:00etatik 14:00etara artean, egilearen datuekin batera.

Parte hartzaileentzat luntxa eskainiko dute jarraian, eta epaimahaia bildu ondoren, 18:00etan egingo dute sari banaketa, Oxforden bertan. Ekainaren 8tik 14ra bitartean erakutsiko dituzte aurkeztutako lan guztiak.