Ostiral arratsaldean piztuko dira Gabonetako argiak

2022/12/01

Herritar eta dendarien eskariz, aurten lau gune berri argiztatuko dira: Artadi auzoko plaza, Larretxo auzunea, Aita Mari auzunearen atzeko jolas parke ingurua, eta Estazioko kalea. Argi guztiak kontutan hartuta, kontsumoa 17kw-koa izango da.

Abenduaren 2tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira gabonetako argiak Zumaiako kaleetan. Guztira, herrian zehar, 36 gune argiztatuko dira. Horietako lau gune berriak izango dira, herritarrek eta dendariek azken urteotan egindako eskariei erantzunez jarritakoak. Ohiko guneez gain, aurten, Artadi auzoko plaza, Larretxo auzunea, Aita Mari auzunearen atzeko jolas parke ingurua, eta Estazioko kalea argiztatuko dira.

Gabonetako argien instalazioan LED bonbillak erabiltzen ditu Udalak. Horrek energia-kontsumoa nabarmen murriztea dakar: argi guztiak kontutan hartuta, 17kw-koa izango da kontsumoa. Gainera, instalazioa argiteria publikora lotuta dagoenez, argiztapenaren ordutegia argiteria publikoaren berdina izango da.

Gabonetako argiteriaren hornidura eta mantenuaren ardura Maykolux enpresari dagokio, eta Udalak 41.890 euro erabiliko ditu.