Gaztegunea eta Ludoteka, ateak zabaltzeko prest
Bi zerbitzuotako hezitzaileek ikasturte hasierako hitzorduen berri eman dute. Laster zabalduko dituzte ateak Ludotekak eta Gazteguneak.
Udako oporrak atzean utzi, eta ikasturte berriari begira jarri dira dagoeneko Gaztegunea eta Ludoteka. Bi zerbitzuetako hezitzaileek eman dituzte datozen asteetako hitzorduen berri:
Ludoteka
Irailaren 30etik aurrera, astelehenetik ostiralera zabalduko dute 17:00etatik 19:30era. Aurrez, hil honen bukaeran, guraso eta tutoreentzako bilera egingo dute, eta bertan emango dituzte funtzionamenduaren nahiz izen ematearen inguruko azalpenak. Datozen asteetan ikastetxeen bitarten banatuko dute informazio guztia.
Gaztegunea
Ikasturte berriarekin batera, proiektu berri bati ekingo dio Gazteguneak. Turismo Bulego zaharraren espazioa Gazteguneak hartuko du etorkizunean. Horren harira, irailaren lehen bi asteak proiektu berria lantzeko eta nerabeen iritziak jasotzeko parte-hartze prozesuari eskainiko dizkiete.
Lehenengo urratsa nerabe talde ezberdinekin hitzorduak zehaztea izango da, guztien artean proiektu berriari hasiera emateko.
Hitzorduak:
- Irailak 8-11: DBH2tik gorako nerabe taldeekin bilerak egingo dira. Arratsaldeko 17:00etan, 18:00etan edo 19:00etan izango dira hitzorduak; ostiraletan, 20:00etan ere bai. Ordutegi horietan parte hartu ezin duten nerabeek asteburuan izango dute horretarako aukera.
- Irailak 15, 16 eta 17: DBH1eko nerabeei zuzendutako arratsaldeak izango dira. Ate irekiak egiteaz gain, parte-hartze prozesua martxan jarriko da.
Nerabe guztientzat zerbitzua irailaren 18an (ostirala) zabalduko da.
Ate irekiak gurasoentzat
Bestalde, guraso eta tutoreentzako ate irekiak irailaren 23an, asteazkenean, 19:00etan, egingo dira. Bertan, hezitzaileek Gaztegunearen funtzionamendua azalduko dute eta zerbitzuaren nondik norakoak aurkeztuko dira.
Gazteguneko erabiltzaileen adin-tartea 12 eta 17 urte bitartekoa da, eta nerabeentzako aisialdi hezigarrirako baliabidea da. Asteartetik igandera egoten da zabalik, arratsaldez.
Gaztegunean izena eman nahi duen nerabe orok izen-emate orria bete beharko du. Horretarako, bi aukera egongo dira:
- Gaztegunean bertan orria jaso eta betetzea.
- Etxean jasotako gutunean agertzen den QR kodea eskaneatzea.
Izen-emate orriaz gain, irudien baimena eta konpromiso-orria betetzea ezinbestekoa izango da. DBH2tik gorakoek ere konpromiso-orria bete beharko dute derrigorrez.



