Zumaiako Udalaren adierazpena, kiroldegian gertatutako eraso sexista dela-eta

2022/11/07

Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du eraso sexistaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duten emakumeei eta ingurukoei.

Zumaiako Udalak jakin ahal izan duenez, ostiral honetan kiroldegiko aldageletan grabatuak izaten ari zirela ikusi zuten hainbat emakumekGertatutakoa intimitatearen aurkako eraso larria da, eta horren aurrean, ozen aldarrikatu nahi dugu emakumeek edozein espaziotan aske eta seguru bizitzeko duten eskubidea.

Hori horrela, Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du gertatutako eraso sexistaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasotuei eta bere ingurukoei. Udalak bere esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarri ditu erasotuak izandako emakumeen eskura.

Beste behin ere, argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da.

Bide horretan, udal instalazioak ere espazio seguruak direla bermatzea ezinbestekoa da eta beraz, gertatutakoaren aurrean hartu behar diren neurriak zehazteko lanketa abiatu du Udalak. Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan.

Amaitzeko, udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko.