Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina hasiko da datorren astean herriz herri

2018/04/06

Kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinei bideratutako tailerrak egingo dira datozen lau asteetan. Kanpainaren helburua herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da.

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du datorren astetik aurrera “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko”.

Urola Kosta Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, momentuz ez daude datu fidagarriak eskaintzeko tenorean. Hori bai, hasiera “gorabeheratsu” baten ondoren, “zerbitzua egonkortzen” ari dela eta joera goranzkoa dela azpimarratu dute. Era berean, herritarrak egiten ari diren “esfortzua eta saiakera” txalotu nahi dute.

Saiakerak saiakera, sailkatze portzentajeak hobetzen jarraitzeko beharra azaldu dute eta horretarako herritarren eskura baliabideak jarriko dituztela iragarri dute. Hor kokatzen da datorren astean hasiko den eta bost udalerrietara bideratuko den sentsibilizazio kanpaina. Hiru ekimen prestatu dituzte: kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinentzako tailerrak.

Kalez kaleko sentsibilizazioa

Ingurumen hezitzaileak gerturatuko dira udalerrietara, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Edukiontziak dauden puntuetan izango dira, eta bisita hauekin herritarren kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte zaborrak sailkatzera doazen une berean.

Bisita egutegia zehaztuta dago. Aian hasiko dira, apirilaren 9an eta 10ean; Getarian, berriz, apirilaren 11tik 14ra izango dira; Zumaia izango da bisitatuko duten hirugarren udalerria, apirilaren 16tik 21era; ondoren, apirilaren 23tik 28ra Zarautzen izango dira; eta Orion bukatuko dute, apirilaren 30ean eta maiatzaren 2-3-4-5 eta 7an.

Hitzaldi irekiak

Udalerri bakoitzean lau hitzaldi ematea aurreikusi dute, eta kasu honetan ere, herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da helburua. Hitzaldi horietan hondakin ezberdinak nola sailkatu landuko da, oinarrizko ezagutza guztiok dugun arren gai konkretuekin zalantzak sortzea ohikoa baita, era berean, ongi edo gaizki bereizteak izan ditzaken ondorioez hitz egingo da, eta nola ez, herritarrek izan ditzaketen kezka zehatzak lantzeko aukera ere egongo da. Oro har, ordubeteko iraupena izango dute, eta arratsaldeko azken orduan egingo dira egunean zehar lanean dauden herritarrei parte hartzeko aukera emateko.

Lehenengo hitzaldia Aian izango da, datorren astelehenean, apirilak 9. Hitzaldia Kultur Etxean egingo da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Datozen egun/asteetan jarraituko da gainontzeko herriekin –egutegi zehatza epe laburrean jakinaraziko da–.

Kolektibo ezberdinentzako tailerrak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berrian badira kolektibo bereziak, ez aparteko garrantzia daukatelako, euren jardunak etxeetan baino zabor gehiago sortzen duelako baizik. Merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako. Ez dira kasu bakanak, badira euren ezaugarriengatik bestelako kolektiboek baino arreta gehiago eskatzen dutenak: adineko jendea, elkarte gastronomikoak, hondakinak sailkatzeko kulturarik izan ez duten kolektiboak, jende multzo handiarekin lan egiten dutenak, eta abar.

Hori dela eta, kolektibo hauei bideratutako tailerrak antolatu dira Urola Kosta Udal Elkartetik. Bi orduko iraupena izango dute, eta apirilaren 11n egingo da lehenengoa, 15:00etan, Getariako Ulpiano Etxean, ostalari eta merkatariekin.

Tailerren egutegi osatua laster jakinaraziko da.