Indarkeria matxista, denon ardura

2022/11/08

Beste urte batez indarkeria matxistaren nazioarteko egunaren harira prestatutako egitaraua aurkeztu dute Zumaiako Udalak, herriko eskoletako ordezkariek eta elkarte feministek.

Agerraldia egin dute gaur eguerdian Zumaiako Udaleko, mugimendu eta elkarte feministetako ordezkariek eta herriko eskoletako ordezkariek, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatutako egitaraua aurkezteko. “Zure egia, guztion ardura” lemapean hitzaldiak, tailerrak eta mobilizazioak izango dira azaroaren 25aren bueltan.

Azaroaren 25ean Urola kostako Hezkidetza Foroko kideen adierazpenaren irakurketa egingo dute Eusebio Gurrutxagan, eta arratsaldean Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioa izango da. Horiez gain, ordea, indarkeria matxistaren inguruko hainbat saio izango dira azaroan zehar: azaroaren 14an El impacto invisible de la violencia machista hitzaldia eskainiko du Maitena Monroyk; azaroaren 22an Maskulinitateak lantzen tailerra egingo dute soldadurako ikasleek; eta azaroaren 29an Indarkeria matxisten biktimen ahotsak: memoria, erreparazioa eta aitortza hitzaldia izango da.

Zumaiako Udaleko ordezkariek lehentasunezko konpromiso politikotzat agertu dute indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana, eta indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzeko guztion konpromiso eta betebeharra nabarmendu dute. Era berean, indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmendu dute.

Egitaraua:

Azaroak 14 

18:30ean. El impacto invisible de la violencia machista hitzaldia, Maitena Monroy, Emakumeon* Etxean. Hizkuntza: gaztelaniaz.

Azaroak 22

11:30ean. Maskulinitateak lantzen tailerra Soldadura Eskolako ikasleekin, Daiteke Aholkularitzak gidatuta. Oxford aretoan. Hizkuntza: euskaraz.

Azaroak 25

11:00etan. Zumaiako eskolek eginiko giza katea, Martxoaren 8a plazatik aterata Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Bukaeran, azaroaren 25erako adierazpena irakurri eta bertsoak kantatuko dituzte.

19:00etan. Mobilizazioa, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta.

Azaroak 29

18:00, Indarkeria matxisten biktimen ahotsak: memoria, erreparazioa eta aitortza hitzaldia, Mugarik Gabe. Oxford aretoan. Hizkuntza: euskaraz.