Irailaren 1ean zabalduko da Olarro Eguneko batel estropadetan izena emateko epea

2023/08/28

Irailaren 23an izango da 2023ko Olarro Eguna, eta, urtero bezala, batel estropadak izango dira aurten ere. Irailaren 1etik 12ra bitartean eman ahal izango da izena, Lubaki kiroldegian edo internet bidez.

Udalak zabaldu du dagoeneko Olarro Egunean jokatuko den estropadarako izen-ematea. Irailaren 23ean ospatuko da aurtengo Olarro Eguna, eta, mareak direla eta, 10:00etatik 13:30era jokatuko da koadrilen arteko batel estropada. Irailaren 1etik 12ra bitartean eman daiteke izena, Lubaki kiroldegian edo online.

Estropadetan parte hartzeko izena ematen dutenek Udalaren Lasuna batelean entrenamenduak egiteko aukera izango dute. Entrenamentuak antolatzeko turismo bulegora joan 943143396 telefono zenbakira deitu, edo internet bidez eman beharko da izena.  Ikusi hemen araudia eta entrenatzeko ordutegiak.

Parte hartzeko baldintzak:

  1. Estropadak goizez bakarrik izango dira, 10:00etan hasi eta 13:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango.

  2. Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kaiaraino joan-etorria izango da.

  3. Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.

  4. Talde bakoitza lau pertsonek osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.

  5. Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da lautik bi zumaiarrak izatea.

  6. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta haren telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.

  7. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.

  8. Sari banaketa estropada eremuan izango da. Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da. Parte-hartzaileen artean bisita gidatu bat ere zozketatuko da.

  9. Izen-ematea Lubaki kiroldegian edo online egingo da irailaren 1etik 12ra bitartean (barne), eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromisoa hartzen da.

  10. Lasuna batela entrenamenduetarako erabili ahal izateko eskaera turismo bulegora presentzialki joan, 943143396 telefono zenbakira deitu edo galdetegi hau bete beharko da, beti ere estropadan parte hartzeko izena eman ondoren. Entrenamenduan txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.

  11. Zozketa egiteko bilera irailaren 19an (asteartea) 19:00etan izango da. Ezinbestekoa da talde bakoitzetik arduradun bat bileran izatea.

Olarro Egunean lan egiteko deialdia zabalik, abuztuak 31 arte

2023ko Olarro Eguna irailaren 23an izango da, eta txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko herriko elkarteen laguntza beharko du Udalak beste urte batez. Izen-emate epea abuztuaren 31n itxiko da. Informazio gehiago hemen.