Irailaren 20ra artean eman daiteke izena Eskola Kirolean

2026/08/31

Ikasturtean zehar, kirol diziplina anitzak eskaintzen dizkie 8 eta 12 urte arteko haurrei Eskola Kirolak. Irailaren 20ra artean eman daiteke izena.

2026/2027 ikasturtean Eskola Kirolean aritzeko izena emateko epea irailaren 20ra arte egongo da zabalik. Programa horri esker, haurrek kirol diziplina anitzak ezagutu ahal izango dituzte, eta bide batez kirol ohiturak indartu, talde lanean aritu eta jarduera fisikoa egiteko beta izango dute.

Programan hainbat kirol-modalitate lantzen dira, betiere parte-hartzea eta heziketa kirolaren oinarri gisa hartuta. Horrela, haurrek kirolaz gozatzeko aukera izateaz gain, lankidetza, errespetua eta talde-lana bezalako balioak garatzen dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak, herriko ikastetxeek eta kirol elkarteek familiei parte hartzeko gonbita egiten diete. Hezkuntza-beka jasotzen duten haurrentzat doakoa izango da. 

> Eskola Kirola: informazio orokorra
> Izen ematea:
    > Zumaiena
    > Zumaiako Herri Eskola eta Oikiako Eskola

Zer eskaintzen du Eskola Kirolak?

Eskola Kirolaren bidez, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek kirol ohiturak garatzen dituzte, baina baita bizitzarako garrantzitsuak diren bestelako gaitasun eta balioak ere:

  • Talde-lana eta lankidetza.
  • Errespetua, enpatia eta elkarbizitza.
  • Ahalegina eta autonomia.
  • Galtzen eta irabazten jakitea.
  • Genero-berdintasuna eta inklusioa.
  • Osasun fisiko eta emozionalaren sustapena.
  • Euskarazko harremanak eta aisialdia.
  • Herriko eta inguruko haurren arteko harremanak sendotzea.
  • Natura eta inguruarekiko harremana eta errespetua.

Helburua ez da haurrak kirol bakar batean goiz espezializatzea, baizik eta hainbat kirol ezagutzeko aukera ematea, etorkizunean gustukoen duten jarduera fisikoa edo kirola aukeratu eta ohitura osasungarriak mantendu ditzaten.

Elkarlanean oinarritutako eredua

Zumaiako Eskola Kirola herriko eragile askoren arteko lankidetzaren emaitza da: Gipuzkoako Foru Aldundia, Udala, ikastetxeak, familiak, guraso elkarteak, monitoreak eta kirol elkarteak. Elkarlan horri esker, azken urteotan eskaintza zabaldu eta aberastu da, haurrek kirol modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Gaur egun, besteak beste, honako jarduerak lantzen dira edo ezagutzeko aukera eskaintzen da:

  • Futbola
  • Saskibaloia
  • Eskubaloia
  • Mendizaletasuna
  • Igeriketa
  • Judoa
  • Arrauna
  • Piraguismoa
  • Pilota modalitateak
  • Hockeya

Herriko kirol-sarea indartzeko aukera

Eskola Kirolak multikirol ikuspegia sustatzen du, eta haurrei kirol desberdinak probatzeko aukera ematen die. Horrek, ondoren, herriko kirol klubetan parte hartzea erraztu dezake, eta, aldi berean, Zumaiako kirol egitura indartzen laguntzen du.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalak, ikastetxeek eta kirol elkarteek garrantzitsutzat jotzen dute herriko haurrek Eskola Kirolean parte hartzen jarraitzea, bai haurren garapen integralerako, bai herriko kirol-sarearen etorkizunerako.