Jolastoki guztiak eraberritzeko plana abian jarri du Zumaiako Udalak

2026/04/09

Zumaian dauden jolastoki guztiak aztertu eta horiek hobetzeko lanei ekin die dagoeneko Udalak. Basadi parkea da horietako bat; joan den astean zabaldu zen zoladura berria ezarri ondoren, eta lan bera egiten ari dira Kantaurikoan ere. Datozen hiruzpalau urteetan gauzatuko da plana osorik, parkeak haurren adin eta behar desberdinetara egokituz. Zumaia haurrei egokitutako herri biziago, irisgarriago eta parte hartzaileagoa da helburua.

Zumaian dauden jolastoki formal guztiak aztertu eta behar dituzten hobekuntzak lantzen aritu da Zumaiako Udala azken hilabeteotan. Zumaia haurrei egokitutako herri biziagoa, irisgarriagoa eta parte-hartzaileagoa bihurtzea da helburua, kalea bera jolas eta ikaskuntza espazio bihurtuz. Dagoeneko ekin diete lanei: Basadi parkea joan den astean zabaldu zen zoladura berrituta, Kantaurin hasi dira lan berak egiten, eta Marianton parkeko obra lizitataziora atera du Udalak. Datozen hiruzpalau urteetan, era mailakatuan, gainerako haur parke guztietan egingo dira hobekuntzak.

Gaur aurkeztu dute jolastokiak berritzeko plana Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak Basadin. Alkateak gogorarazi du orain bi urte eta erdi Haurren Kontseiluan hasi zirela Marianton parkea diseinatzen, eta horrez gain, duela urtebete gainerako parkeen inguruan egin beharreko lanen gogoeta bat jarri zutela martxan. Hezkuntza komunitatearekin, haur eta nerabeekin lan egiten duten eragile desberdinekin eta gainerako udal taldeekin partekatu ondoren aurkeztu dute plana, Ostolazaren arabera. 

Yeregik eman ditu lanketaren inguruko xehetasunak. Egin beharreko lanak zehazteko, batetik, herriko auzo eta adin tarte desberdinen datu demografikoak kontuan hartu dira jolastokien banaketa bidezkoagoa eta haur kopuruaren araberakoa izan dadin. Haur parke bakoitzaren egoera, segurtasuna, iturriak, komun publikoen kokapena, naturarekin harremana eta hiri altzariak analizatu dira, bestetik. Plana osatzerakoan, genero ikuspegia eta haurren askotariko beharrak aintzat hartu direla ere aipatu dute. 

Gaur egungo haur parkeek antzekotasun handia dutela, eta kasu askotan, jolas mota berdintsuak eskaintzen dituztela ondorioztatu da, Yeregiren esanetan. Horren aurrean, planak aniztasuna eta inklusioa indartzea proposatzen du, batik bat, ondorengo norabideetan: naturarekin kontaktuan jolasgune gehiago ezartzea, jolas sinbolikoa eta irudimena sustatzen duten espazioak izatea eta altzari urbano jolasgarriak edukitzea.

Plan "bizia"

Konponketak egin ahala behar berriak sortu daitezke, eta horregatik, "bizirik dagoen plana" da aurkeztutakoa. Ekarpenak egin ditzakete oraindik ere herritarrek. "Espazio publikoan gehien erabiltzen diren ekipamenduak dira haur parkeak, eta etengabe jasotzen ditugu ekarpenak. Beraz, zentzuzkoa iruditzen zaigu lanak hasi bitarte herritarren proposamenak aintzat hartzea", azaldu du Hirigintza zinegotziak.

> Hemen ikus daiteke Zumaiako jolastokien plana, osorik.

Jolasaren garrantzia

Planaren abiapuntua argia da: jolasa haurren garapen kognitibo, sozial, emozional eta motorrean funtsezko tresna da. Horregatik, jolastokiak ez dira aisialdirako espazio huts gisa ulertzen; autonomia, sormena, konfiantza eta harremanak sustatzeko ingurune estrategiko gisa baizik.