Jon Maiaren ikuskizuna udaberrira atzeratuko dute, eguraldiaren iragarpena dela eta

2024/09/19

Irailaren 21ean Itzurungo hondartzan egitekoa zen "Kantu berri bat gara. Harri eta herri" ikuskizuna udaberrira arte atzeratuko da, asteburu honetarako iragarritako eguraldi txarra tarteko. Itzurun osoa hartu behar zuen emanaldiak, eta honen arrakasta bermatzeko ezinbestekao zen klima egokia izatea.

Euria eta ekaitzak iragarri dituzte hurrengo egunotarako, eta horrek ezinezko bihurtu du larunbat gau honetan egitekoa zen Kantu berri bat gara. Harri eta herri ikuskizunarekin aurrera jotzea. Udaberrira atzeratuko dute ikuskizuna.

Emanaldia, Jon Maiaren Kantu berri bat gara ikuskizuna oinarri hartuta, eta bertan bildutako abestiak soinu banda moduan hartuta, Zumaiaren nortasunari egindako omenaldi gisa pentsatuta dago, eta zuzeneko musika eta bertako artisten parte-hartzea ez ezik, proiekzio- eta argiztapen-joko konplexu bat ere biltzen ditu, Itzurungo hondartza eta labarrak agertoki bakar bihurtzeko asmoz pentsatuak.

Aire zabaleko ikuskizun hau egiteko, ordea, erabili beharreko logistika eta pertsonal guztiagatik ezinbestekoa da hainbat faktoreren konbinaketa: eguraldi iragarpenaren bermea aurretiaz, gutxieneko mareak eta mareen ordutegi egokia, eta, asteburua izatea. Eguraldiaren iragarpenak ziurtasunik ematen ez duenez, larunbateko ekitaldia bertan behera utzi behar izan dute.

Zumaiako Udalak eta Jon Maiak partehartzaileen eta herritarren ulermena eskertu dute, eta aurrerago iragarriko den data berriak jatorrizko emanaldiaren indar eta izaera guztia mantenduko duela ziurtatu dute. "Ekitaldi hau guztiontzat une ahaztezina izatea nahi dugu, eta hori eguraldia lagun dugula bakarrik lor daiteke", adierazi dute antolatzaileek. Ikuskizunaren data berria garaiz jakinaraziko dute.