Ostiral honetan izango da Euskal Jai Eguna
Baserriko produktuen azokak, bertsolariek, trikiti eta pandero doinuek, eta plaza dantzek hartuko dute Zumaia ostiral honetan. Herri bazkariko txartel guztiak agortu dira dagoeneko.
Ostiralean, abuztuaren 11n, ospatuko da aurtengo Euskal Jai eguna. Goizean goizetik baserriko produktuen azoka izango da Alde Zaharrean, udaletxe aurrean. Eguerdiko 12:00etan balkoitik balkoirako bertso saioa eskainiko dute Sustrai Colina eta Oihana Iguaranek bertsolariek, udaletxean. Ondoren, 13:00etan, Kofradiako balkoian ariko dira bertsotan. 15:00etan herri bazkaria izango da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta bazkalostean Joxe Mendizabalek alaituko du giroa.
Arratsaldean jarraituko du festak: 18:00etan Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia izango da Amaia plazan, eta, 18:30etik aurrera Soinuz Blai taldearekin dantzaldia izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Tarte berean, Eta Sutan txarangaren kalejira izango da herrian zehar. Gainera, ohi bezala, 19:00etatik aurrera sagardo dastaketa izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Eguna amaitzeko, Joselu anaien kontzertua izango da.
Sagardo dastaketa
Ohi bezala, arratsaldeko 19:00etan sagardoa dastatzeko aukera izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, 10 ekoizleren sagardoa izango da palzan.
Sagardoa hartzeko basoa edo kopa aukeratu ahal izango da. Basoa hartuz gero, 3 euro ordaindu beharko dira; kopak, berriz, 4 euro balioko ditu. Basoa erosita, bost sagardo probatu ahal izango dira. Basoa bueltatzean euro 1 itzuliko da, eta 2 euro koparen kasuan.
Herri bazkariko txartelak agortuta
Ohi bezala, herri bazkaria ere izango da ostiral honetan. Txartel guztiak saldu dira dagoeneko.