Terrazen ordenantza berrira egokitzeko epea ekainaren 15ean amaituko da

2023/06/06

Terrazen ordenantza eguneratzearekin batera, erakustoki, terraza eta mahai-tokien inguruko baimenak eguneratzeko epea zabaldu zuen Udalak. Hori horrela, Zumaiako ostalari eta dendari guztiek araudi berrira egokitu, eta baimen berriak eskatu beharko dituzte.

Terrazen ordenantzaren xedea da Udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari lotuta. Guzti horrek tabernen terrazei zein denden kaleko erakusleihoei eragiten die zuzenean.

Azken urte hauetan espazio publikoaren erabileraren inguruan jasotako kexak eta erabilera desegokiak kontutan hartuta, Zumaiako Udalak gaia berrartu zuen iaz. Lanketa hori egiteko inplikatutako sektoreekin zein herritarrekin bildu nahi zen (ostalariak, merkatariak, bizilagunak, udal ordezkari eta teknikariak, ostalaritza- eta merkataritza- bezeroak, behar bereziak dituzten herritarrak...), gaiaren inguruko ahalik eta iritzi osatuena edukitzeko. Beharrezko pauso guztiak jarraitu ondotik, terrazen ordenantza berria 2023ko maiatzen 23an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Ordenantzaren Xedapen Iragankorretan adierazten den moduan, erakusleiho, terraza eta mahai-tokien inguruan emanda dauden baimenak ordenantza honetan arautzen diren baldintza teknikoetara egokitzeko epea zabaldu zen, ekainaren 1era arte. Zumaiako Udalak ekainaren 15era arte luzatu du epea.

Hala, ekainaren 15a baino lehen, ostalari eta dendari guztiek baimen berriak eskatu beharko dituzte. Horretarako, eskaera orria eta terraza mota bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte. Epe horretan eskaera egin ez bada, zehapen-espedientea irekiko zaie araudi berrira egokitu ez diren establezimenduei.

> Eskaera orria

Ordenantza: Zumaiako jabari publikoetan eta pribatuetan, erabilera publikoa duten kasuetan lurzoruaren okupazioa ostalaritzarako eta merkataritzarako arautzen dituen ordenantza (2023)