Urkome sariak banatu dituzte

2019/12/05

Landa eremuan garatzen diren eskualdeko proiektuei bultzada ematea dute helburu. Sariketak sei atal izan ditu eta atal bakoitzean 2.000 euro banatu dituzte.

Landa Garapenerako Urola Kostako Elkarteak Urkome sariak seigarren aldiz banatu ditu, landa eremuko proiektuak sustatzeko. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izan da sari-banaketa ekitaldia, eta bertan izan dira aurkeztu diren hamahiru proiektuen egileak zein ordezkari politikoak, tartean Zumaiako Iñaki Ostolaza alkatea.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko eta ezagutarazteko ematen dira sariak. Zehazki, 2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu dituzte lehiakideek.

Antolatzaileek parte hartzaile guztiak zoriondu dituzte, maila handiko proiektuak aurkeztu dituztelako, guztiak euskaraz aurkeztu dituztelako direlako eta inoiz baino emakume gehiago aurkeztu delako. Sari bakoitza irabazi duenari 2.000 euroko laguntza emango dio Urkomek.

Saritutako proiektuak

Aurkeztutako hamahiru proiektu horietatik seik jaso dute saria, sei atal desberdinetan. Azpiegitura eta zerbitzuak bermatzeko saria eman gabe gelditu da; aldiz, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapenerako saria bi proiektuk irabazi dute. Aurtengoan, lehen aldiz, landa eremuko emakumeen ekintzailetza saria ere eman dute. Saritu bakoitzak 2.000 euroko laguntza jaso du.

  • Nekazaritza jardueraren sustapena: Gile Gipuzkoako Limusin Elkartea: ADNa lortzeko laginak lortzeko TST sistema.
  • Jarduera ekonomikoaren sustapena:
    • Errezilgo Ezama Esnea: Esne gaingabetua eginda lortutako esnegaina komertzializatzeko proiektua.
    • Azpeitiko Sakona Etxaldea: Ardi esnearekin egindako jakiak merkaturatzeko proiektua.
  • Balio aniztasuna: Aiako Leire Albisu: Ezkur-elikagaiak ikertu eta ekoizteko lantegia.
  • Iraurgi berritzen eta UKUE saria: Azkoitiko Ainara Gartzia, Ekaitz Arrese eta Julen Fernandez: Jaki-saski proiektua, bertako produktuekin egindako eguneko bazkaria prest dakarren saskia.
  • Emakume ekintzailetza: Zestoako Valentina Elovikova: Erlezaintzako jarduera dibertsifikatzeko sistemak.
  • Boto bidezko herritarren saria: Azkoitiko Ainara Gartzia, Ekaitz Arrese eta Julen Fernandez: Jaki-saski proiektua, bertako produktuekin egindako eguneko bazkaria prest dakarren saskia.

Urkome, landa eremuen garapenaren aldeko elkartea

URKOME, Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkartea da, eskualdeko 11 udaletxe eta eskualdeko nekazaritzako elkarteek osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea izanik. Eskualdeko herri txiki eta landa auzoak suspertzera bideratutako ekintzak burutzen ditu elkarteak. Horretarako, dirulaguntza ildo desberdinak jorratu eta bertako teknikarien aholkularitza, bitartekaritza eta koordinazioa eskeintzen da.