Ostegun honetan zabalduko dute Hogarreko elkarlan gunea
Ekonomia sozial eta eraldatzailea oinarri, lan arloko proiektuak zein ekimen sozialak bultzatu nahi dituzte. Ostegun honetan (azaroak 2), Alberga elkarteko kideek proiektuaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte jendaurrean. 19:00etan izango da hitzordua, elkarlangunean bertan ‒Hogarreko lehenengo solairuan‒.
Zumaian ekonomia soziala eta eraldatzailea bultzatzeko elkarlan zentro eraldatzailea ostegun honetan zabalduko dute. Herriko elkarte, kooperatiba nahiz proiektu ideia bat duen kolektibo zein norbanakoei zuzendutako gunea da. Proiektuaren inguruko nondik norakoak aurkezteko, eta zalantzak argitzeko, saio irekia egingo dute ostegun honetan (azaroak 2). Arratsaldeko 19:00tan elkartuko dira, elkarlangunean bertan (Hogarreko lehenengo solairua, Eusebio Gurrutxaga plazan).
Alberga elkarteak kudeatuko du espazioa, eta bi funtzio nagusi garatu nahi dituzte bertan: batetik, lan-arloko proiektuak eta ekintzailetza soziala garatzeko coworking erako gune bat izango da, norbanakoentzat zein taldeentzat; eta, bestetik, proiektu kolektibo eta sozialak sustatzeko erreferentziazko gunea izango da.
Elkarlan gunea martxan jartzeko hiru espazio moldatu dituzte: geletako bat, lan egiteko egokitu dute; sarrerako gunea ere izango dute, office moduan erabiltzeko; hirugarren gunea erabilera anitzekoa izango da, bilerak eta formazioak egiteko, besteak beste. Gainera, herritarrei harrera egiteko bi egun zehaztu dituzte: asteazkenetan, arratsaldez, 16:00-20:00 bitartean; ostiraletan, berriz, goizez, 10:00-14:00 bitartean. Proiektuan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, harrera ordutegian bertara joanda edo info@alberga.eus e-mailera idatzita.
Ekonomia, Zumaiaren eta herritarren mesedetan
Alberga elkarteko Miren Osaren arabera, "herrian ekonomia sozial eraldatzailea sustatu eta garatzeko sare kolektiboa eraikitzea" da elkarlangunearen xedeetako bat. "Elkarlangunea lanerako espazioa izango da, eta norberak bere proiektua garatzeaz gain, gainontzeko ekimenekin ere elkarlana sustatu nahi dugu", zehaztu du Maddi Uranga Albergako kideak. Horretaz gain, gai zehatzei loturiko hitzaldiak eta formakuntza ere eskainiko dituzte, espazioan sortzen diren beharrei egokituta. Hala nola, zaintza, energia, eta elikadura izango dira aurten jorratuko dituzten gaiak, beti ere, "burujabetzaren eta ekonomia sozialaren ikuspegitik".
Iñaki Ostolaza alkatea pozik agertu da prozesuan emandako emaitzarekin. "Ikusi beharko da bide honek nora garamatzan, baina, oinarriak jarrita daude, eta zenbait herritarrek hartu dute bide hau jorratzen jarraitzeko konpromisoa", esan du. Prozesu honekin Zumaian sustraitutako proiektuak bultzatu nahi dituzte, eta, "egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten zumaiarrak lagundu, eta, ahal dela, hori egiteko ekonomia soziala eta kooperatibismoa baliatu ditzatela sustatu, ekonomia Zumaiaren eta herritarren mesedetan erabiltzeko". Halaber, Udala eta elkarteen arteko kogobernantza eredu berrietan sakontzeko aukera emango duela uste du. Bestalde, Asier Arakistain tokiko ekonomia arloko zinegotziaren esanetan, Hogarrean sortzen den "proiektua hasiera bat besterik ez da", eta Alberga elkartearen lankidetzan bestelako proiektuak abiatzeko prestutasuna agertu du.
Izen ematea
Elkarlan gunean izena eman nahi duen elkarte, talde nahiz norbanakoek bi bide izango dituzte izena emateko:
-
Herritarrentzat aurreikusten den harreta zerbitzuko ordutegian elkarlan gunera bertaratuta. Ordutegia honakoa da: asteazkenetan, arratsaldez, 16:00-20:00. Ostiraletan, berriz, goizez, 10:00-14:00
-
Mezu bat bidaliz elkarlan gunean erabiltzaile gisa izena eman nahi dela adieraziz: info@alberga.eus helbidera.
Bi urteko ibilbidearen emaitza
Elkarlangunea orain zabalduko den arren, proiektuaren sustraiak 2022an zehar garatu zen ZKOOP egitasmoan daude. Zumaiako Udalaren eta Olatukoop sarearen arteko lankidetzarekin, ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko lanketa abiatu zen orduan. Egitasmo hori mugarri garrantzitsua izan zen, zenbait herritar eta ordezkari politikok ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko formakuntza eta prestakuntza jaso baitzuten.
Formakuntza-fasea amaituta, Olatukoopeko kideek laguntza eman zieten garatzen ari ziren bi proiektu kooperatibori. Aldi berean, Zumaian, pertsona talde bat Alberga elkartea sortzeko prozesuan murgildu zen. Proiektu hau amaitzeko, Zumaiako Udalak eta Alberga elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, eta horrek baitan, ekonomia sozialean oinarritutako elkarlangunea edo coworking zentroa zabalduko da.
Albiste erlazionatuak
Tokiko ekonomia
- Udako Azoka Ekologikoa hilaren 30ean iritsiko da Zumaiara 2024/08/23
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udaberriarekin batera herriko saltokiak loratzeko 2024/05/08
- Sanpedroetako artisau azokan parte hartzeko deia zumaiarrei 2024/04/18
- Utopien Herri Birak geldialdia egingo du Zumaian datorren astelehenean 2024/02/15
Tokiko garapena
ZKOOP
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04