Zarauzko Garbigune berriaren obraren finantzaketa onartu du Urola Kostako Udal Elkarteak, ahobatez

2020/11/13
Udalen ekarpenak laguntzeko 421.136,94 euroko funtsa ere onartu da.

Garbigune berria izango du Urola Kostak 2022ko lehen seihilabetean. Pasa den astelehenean (azaroak 9) egindako Zuzendaritza Batzordean onartu da Zarautzen eraikiko den Garbigunearen obraren finantzaketa;  ahobatez, EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin.

Inbertsioa 1.951.248,47 eurotakoa izango da eta bere osotasunean Urola Kostako Udal Elkarteko funtsetatik finantzatuko da. 2018an, garbigune berri hau eraikitzeko akordioa lortu zen; horretarako, mankomunitatea osatzen duten 5 udalek 1.227.657,97 euroko ekarpena egin zuten. Gaur egun, Urola Kostako Udal Elkartearen finantza-egoerak  ahalbidetuko du Udalek aparteko ekarpenik egin behar ez izatea inbertsioari aurre egiteko.

Lehiaketa publiko bidez esleituko dira lanak. Aurreikuspena da 2021eko lehen sei-hilekoan hastea lanak eta 14 hilabeteko epean gauzatzea. Garbigune berria Urola Kostako Udal Elkarteak Urdaneta Kalean duen egoitzaren alboko partzelan kokatuko da eta 3.307 m² izango ditu.

Garbiguneak jaso eta tratatuko dituen hondakinak honakoak izango dira: arraindegietako hondakinak, denetariko plastikoa, egurra, enbalatzeko plastikoa, errefusa, obra-hondakinak, hondakin arriskutsuak, jostailuak, kartoia, lorazaintza, neumatikoak, poliespana, RAEE eta txatarra metalikoa.

Proiektuan aurreikusitako lanak hiru fasetan gauzatuko dira:

  • 1. fasean Garbigunea eraikitzeko lanak egingo dira.
  • 2. fasean gaur egun dagoen Garbigunea eraitsiko da eta lur kutsatuen tratamendua gauzatuko da.
  • 3. fasean eraitsitako eremua urbanizatuko da.

Lourdes Salsamendi lehendakariak (EAJ-PNV) adierazi du Urola Kostaren garapen berdean aurrera-pausu nabarmena izango dela garbigune berria: “Covid 19ren ondorioz bizi dugun egoeraz oso kontziente izanik, baina are kontzienteago ondo prestatuta egon behar dugula etorkizun hurbilaren aurrean, Garbigune berria eraikitzeko finantzaketa onartu dugu. Inbertsio hau guztiz  garrantzitsua da, Urola Kosta garbi, ekologiko eta jasangarri bat lortzeko”.

“Covid-19ak eragindako egoera zailari aurre egiteko bide ugari jarri ditu martxan UKUEk, eta herritarren ongizatea eta babesa da lehentasuna. Hala ere, eskualdearentzako ezinbesteko eta estrategiko diren proiektuei heldu eta ohiko jardunari ezin diogu  muzin egin; are gehiago, pandemia bukatzen denerako lehen lerroan egon behar dugu eskualdearen eta herritarren garapenean pausuak ematen jarraitzeko denborarik galdu gabe”.

Salsamendiren hitzetan, garbigune berriak, eskualdearen garapenerako “ezinbesteko azpiegitura” izateaz gainera, “inbertsio publikoa bultzatzea ahalbidetuko du lanpostuak mantendu eta sustatzeko”.

“Herritarrez gain, batez ere eskualdeko autonomoentzat oso lagungarria izango da, erdigunean kokatuta dagoelako eta garraio-gastuak saihesten dituelako. Honi gehitu behar diogu inbertsio honek duen garrantzia CO2 aztarnak saihesteko borrokan,  jasangarritasunean  oinarrituta  eta  ekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia egiten. Garbigune berri honekin, hondakin kudeaketako araudi berrietara egokituko gara; besteak-beste gailu elektronikoen berrerabilpena bultzatuko baitugu. Inbertsio honen garrantziaren erakusgarri da Zuzendaritza Batzordea osatzen duten bi alderdiek (EAJ-PNV eta EH Bildu) alde bozkatu izana”.

Zarauzko garbigunea, eskualdeko txikiena eta hondakin gehien jasotzen dituena

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdean hiru garbigune kudeatzen ditu: Aia-Orion, Zarautzen eta Zumaian. Lehen garbigunea Zarauzkoa eraiki zen 2001. urtean, ondoren Zumaiakoa 2005. urtean eta azkenik Aia-Oriokoa, 2010. urtean.

Hiru eraikinen azalerari dagokionez, Zarauzko garbigunearen azalera 1.082m²koa da, Aia-Oriokoa 1.647m²koa eta garbigunerik handiena Zumaiakoa da, 1.845,50m²rekin.

Hiru garbiguneetan guztira 3,2 tona hondakin kudeatu ziren 2018an eta 4,1 tona hondakin 2019an. Kopuru totalak kontuan hartuta, ehuneko handiena Zarautzen kudeatu zen, %49,79a 2018an eta % 54,98a 2019an.

Garbiguneetako erabiltzaileei dagokienez guztira 7.459 erabiltzaile eta 67.884 hondakinen erregistro egon ziren 2018an eta 7.052 erabiltzaile eta 69.479 hondakinen erregistro 2019an. Bi urteetan erabiltzaile eta hondakin erregistro gehien izan dituen garbigunea Zarauzkoa izan zen; hain zuzen ere, erregistratutako kopuruaren %52,91.

Zarauzko garbigunearen kasuan, instalazioaren erabilera eta kudeaketa sistema aldaketek (hondakinen sailkapena gero eta handiagoa, berrerabilpenerako eta birziklapenerako hondakinen biltegiratze desberdinen kudeaketa…) eraikin handiago baten beharra azaleratu dute.

Horrela, 2017. urtean Urola Kostako Udal Elkarteak Zarauzko garbigune berriaren idazketa proiektuaren lehiaketa jarri zuen martxan. Proiektua behin zehaztuta, obraren finantzaketa onartu da, epe laburrean lizitazioa jartzeko abian.

Gerakineko 421.136,94€ 2021eko Udal ekarpenak laguntzeko

Garbigunearen proiektuaren berregokitzapenak izan duen aurrekontu aldaketak 421.136,94 euroko gerakina utzi du Urola Kostako Udal Elkarteko kontuetan. Diru-sarrerak jaistearen ondorioz udalek 2021ean dituzten aurrekontu-zailtasunez jabetuta, gerakina eskualdeko udalek mankomunitateari egiten dioten ekarpena murrizteko erabiliko da, baina 2021erako prestatutako aurrekontuari eutsiz, jarduketa-ildo bat ere murriztu gabe: hondakinak biltzeko sistemak zerbitzu ona ematen jarraitzea, kalitatezko enplegua mantentzeko eta hobetzeko jardueren garapena, eta lehiakortasuna sustatzea ildo estrategiko dira.