Zumaiako itsaslabarra garbitzeko auzolandegia egingo dute hainbat gaztek udan
Kutxaren Gizartekintza sailak antolatu du egitasmoa eta Zumaiako Udalak eta Flysch-aren biotopoak lagundu dute.
Bigarren urtez jarraian, Zumaiako itsaslabarra eta bereziki biotopoaren eremua garbitzeko auzolandegia antolatu du Kutxaren Gizartekintza sailak, Zumaiako Udalak eta Flysch-aren biotopoak lagunduta.
15-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago deialdia eta uztailaren 19tik abuztuaren 1era bitartean gauzatuko da. Auzolandegiaren bidez, boluntario talde batek biotopoaren eremua garbituko du goizetan, sarbide zaileko kala gordeetan dauden hondakin plastiko eta solido guztiak bildu eta jasoz.
Arratsaldeetan, berriz, irteerak egingo dituzte kostara, itsas espezieen biodibertsitatea ezagutzeko. Eta guztia ingurune natural ezin aberatsago batean. Antolatzaileen arabera, “Mutriku eta Zumaia arteko labar ikusgarriak Gipuzkoako natura-ondare ezagunenetarikoa dira nazioartean. Izan ere, hango harri-estratuek ez dute parekorik azken 110 eta 50 milioi urteen artean”. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak ‘Nazioarteko Erreferentzia Geologiko’ izendatu berri ditu Itzurungo itsaslabarrak.
Baina aipatutako ekintza horiez gain, piraguismoa, bela, rafting-a eta antzerako abentura kirolak ere egingo dituzte auzolandegian parte hartuko duten gazteek. San Juan egoitzako mojen etxean hartuko dute ostatu boluntarioek.
Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Andoni Etxanizek azaldu duenez, “auzolandegia oso aberatsa da Zumaiako herriarentzako. Dugun ondarea zaindu eta balorean jartzeko balio du. Eta horrez gain, zaborra zein gaizki kudeatzen dugun ikusteko. Garbitzen duena baino garbiagoa baita gutxi zikintzen duena”.
Izen-ematea zabalik
Auzolandegian izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta Internet bidez eman daiteke izena, www.kutxasocial.net webgunearen bidez. Izena emateko klikatu hemen.



