Zumaiako Triatloiak eragina izango du herriguneko errepideetako trafikoan

2026/09/11

Bihar jokatuko da kirol proba, 17:00etan hasita. Eragin handiena Patxita Etxezarretan izango du triatloiak, eta beraz, autobusen geldialdietan ere aldaketak izango dira.

450 triatleta elkartuko ditu bihar Zumaiako Triatloiak. Probari 17:00etan emango diete hasiera, eta behin igeriketa lanak amaituta, bizikleta gainean egin beharko dute ibilbidearen zati bat triatletek. 

Patxita Etxezarreta kaletik igaroko dira, errepidez. Antolatzaileek jakinarazi dute 17:00etatik 17:45 bitarte bi noranzkoetan itxita egongo dela kale hori ibilgailuentzat, eta gero, 18:35 arte, Estazio alderako noranzkoa zabalduko dutela. Dena den, ibilgailueek ezingo dute handik Getaria aldera jo. Saihesbidera desbideratuko dituzte. 

Tarte horretan, UK06 lineako autobusak GKN parean egingo dute geldialdia. Lurraldebuseko autobusek ere aldaketak izan ditzakete geldialdietan. 

Ibilbidearen azken zatia korrika osatuko dute triatletek, oinezkoen guneetan zehar. Triatloiak iraun bitartean, herritik sartu eta ateratzeko Axular ibiltokia erabiltzeko gomendatu du Udaltzaingoak.