Zumaiako Udala eta herriko bi ikastetxeak elkarlanean ari dira gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko

2026/10/28

'Taosatik Paolera' proiektuak bi ikasturte daramatza garapenean, eta datozen bi ikasturteetan sortutako material didaktikoak bi ikastetxeetan probatu, finkatu eta hezkuntza-prozesuan txertatzea izango du helburu. Gaur aurkeztu dute orain arteko lanketa bi ikastetxeetako eta Udaleko teknikariek eta Emun aholkularitzak.

Gaur aurkeztu dute Zumaiako Udalak, Zumaia BHIk eta Zumaienak Taosatik Paolera proiektua, herriko gazteen hizkuntza-kontzientzia eta euskararen erabilera sustatzeko egitasmo integrala. Emun aholkularitzaren laguntza teknikoarekin garatutako proiektuaren bidez, ikasleen hizkuntza-ohituretan eragin, euskaraz bizitzeko hautuan ahalduntzeko tresnak eskaini eta hizkuntzen inguruko hausnarketa sustatu nahi dute, hezkuntza-komunitatearen arteko elkarlana oinarri hartuta.

Aurkezpenean izan dira Orlando Elorrieta, Amaia Bilbao eta Ainhize Gonzalez, Zumaiako BHIko kideak; Joxean Etxabe eta Ainhoa Saiz, Zumaienako kideak; Eider Gurrutxaga Emun aholkularitzako teknikaria eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. Ostolazak azaldu du proiektua 2022-2023 ikasturtean hasi zela, Zumaiako Udalak DBH4ko ikasgeletan soziolinguistika-hausnarketarako saioak eskaintzeari ekin zionean. Ikastetxeetako irakasleekin eta zuzendaritzekin egindako balorazioan, ordea, lanketa puntualetatik harago joateko beharra identifikatu zen: gaia DBHko maila guztietara zabaltzea, ikuspegi praktikoagoa eta iraunkorragoa garatzea eta irakasleei soziolinguistikan prestakuntza eskaintzea.

Horren ondorioz, 2024ko irailean proiektu integralari ekin zioten Udalak eta herriko bi ikastetxeek, elkarlanean eta Emunen laguntza teknikoarekin. Hasieratik, ikasleak, irakasleak eta ikastetxeak euskarazko hiztun eta eragile aktibo gisa ahalduntzea izan da egitasmoaren iparra.

DBHko maila guztietarako proiektu didaktikoak

Azken bi ikasturteetan, DBH1etik DBH4ra bitarteko ikasleekin soziolinguistika lantzeko lau proiektu didaktiko diseinatu, garatu eta digitalizatu dira. Unitate horiek ikastetxeetan pilotatu dira, eta irakasleen balorazio eta ekarpenak aintzat hartuta egokitu eta hobetu dira.

Orain arte, DBH1eko eta DBH2ko proiektuak Zumaienan probatu dira, eta DBH3koak eta DBH4koak, berriz, Zumaia BHIn. Materialek maila bakoitzari egokitutako gaiak eta helburuak dituzte, eta hainbat ikasgaitan lantzeko diseinatu dira. Elorrietak eta Etxabek zerrendatu dituzte unitate didaktikoak eta horietako bakoitzaren edukiak.

DBH1eko Saltaka noanoa proiektuak Zumaia eta zumaiarren identitatea ditu ardatz, gazteen identitatea sendotzeko eta euskara eta herria elkarrekin ulertzeko. DBH2ko Kolore eta hitz anitz proiektuak hizkuntza-aniztasunaren onurak lantzen ditu, euskara munduko hizkuntzen artean kokatuz eta harrera linguistikoan sakonduz.

DBH3ko Eta euskaraz, zergatik ezin dut? proiektuak hizkuntza-eskubideak, zapalkuntzak, euskararen egoera gutxitua eta hizkuntzen arteko botere-harremanak aztertzen ditu. DBH4ko Larrialdi klimatikoa… eta larrialdi linguistikoa? proiektuak, berriz, larrialdi linguistikoaren kontzeptua lantzen du, ikasleek horren esanahia eguneroko errealitatearekin lotu dezaten.

Datozen bi ikasturteetako erronka nagusia lau proiektuak bi ikastetxeetan osorik probatzea eta finkatzea izango da, materialak sistematizatuz eta ikastetxeetako hezkuntza-prozesuetan errotzeko urratsak eginez.

Hizkuntza-kontzientzia eta ahalduntzea, ikasgelatik egunerokora

Gurrutxagak azaldutakoaren arabera, proiektuaren helburu nagusietako bat da gazteek beren eguneroko hizkuntza-hautuen zergatiak ulertzea eta horien inguruan modu kritikoan hausnartzea. Horretarako, hizkuntza-aniztasuna, aurreiritzi linguistikoak, identitatea, hizkuntza-ohiturak eta euskaraz komunikatzeko jarrera asertiboak lantzen dira.

Egitasmoak ez du soilik euskararen egoeraren inguruko ezagutza teorikoa landu nahi. Ikasleei eguneroko egoeretan euskaraz aritzeko tresnak eta konfiantza eskaintzea ere bada helburua, lehen hitza euskaraz egiteko gaitasuna garatuz eta hizkuntza-ohituretan eragiten duten faktoreez hausnartuz.

Horrez gain, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik, hizkuntzen arteko harremanak eta aniztasunaren balioa aztertzen dituzte ikasleek, bizikidetza eta erantzukizun soziala kontuan hartuta. Zumaiaren arnasgune izaera ere lantzen da, euskararen erabilerak eskaintzen dituen aukerak eta horrek dakartzan erantzukizunak aztertzeko.

Udalaren eta ikastetxeen arteko elkarlana, oinarri

Proiektua aurrera eramateko, Udalaren eta ikastetxeen arteko lankidetza egituratu da. Horretarako, bi lan-talde osatu dira. Talde Motorrak proiektuaren norabide estrategikoa markatzen du, ikastetxeetako baliabideak koordinatzen ditu eta urteko mugarriak finkatzen ditu. Talde Eragileak, berriz, proiektuaren sormena, kudeaketa eta jarraipena lantzen ditu; ikastetxe bakoitzeko irakasleek, Udaleko euskara teknikariak eta Emuneko aholkulariek osatzen dute.

Datozen bi ikasturteak: sortutakoa finkatzea eta ikastetxeetan errotzea

Bi urteko diseinu-, sorkuntza- eta pilotatze-lanen ondoren, proiektuak hurrengo faseari ekingo dio. 2026-2027 eta 2027-2028 ikasturteetan, Talde Motorrak eta Talde Eragileak lau proiektu didaktikoak bi ikastetxeetan probatu eta finkatzeko lan egingo dute, Gurrutxagaren hitzetan.

Horrez gain, gazteekin soziolinguistika-saioak egiten eta irakasleei prestakuntza eskaintzen jarraituko dute. Helburua da orain arte sortutako materialak sistematizatzea, esperientziatik ikasitakoa jasotzea eta, ahal den neurrian, ikastetxeetan eguneroko hezkuntza-lanean txertatzea.

Zumaiako Udalaren izenean alkateak nabarmendu du azken ikasturteetan bi ikastetxeek eta irakasleek egindako lana. Izan ere, herriko bi ikastetxeak Udalarekin elkarlanean aritzea eta hizkuntza-kontzientziaren eta euskararen erabileraren inguruko erronkari elkarrekin heltzea funtsezkoa da proiektuak jarraipena izan dezan.

Euskararen normalizazioa gizarte-eraldaketako prozesu zabala da, eta gazteei euskaraz bizitzeko aukera eta tresnak eskaintzea herri osoaren ardura da. Taosatik Paolera proiektuak norabide horretan sakontzen jarraituko du, hezkuntza-komunitatearen arteko elkarlana eta gazteen ahalduntzea oinarri hartuta.