Zumaiako euskaldunak esnatzeko deia

2026/11/06

Astelehenean bilera egin zuen Euskararen Mahaiak eta puntu nagusietako bat izan zen UEMAk bultzatutako ESNATU dinamika herrian nola zabaldu aztertzea. Euskararekin lotutako beste zenbait gairi buruzko azalpenak ere eman ziren, 2026ko proiektu batzuei buruzkoak, esaterako.

UEMAk ikerketa bat egin berri du, eta 2036an nola egon gaitezkeen irudikatu du:  aldaketa demografiko handiak egongo dira (gizarte zaharragoa eta migrazio mugimenduak), arnasguneak desagertu egin daitezke eta arriskua dago haur eta gazteen artean atzerapausoak gertatzeko. Zumaian bertan datu batzuk nahiko onak dira (gaitasuna, gazteen erabilera…), baina beherako joera ikusten da beste batzuetan: etxeko hizkuntza, haurren lehen hezkuntza, sare sozialen erabilera…

Horren aurrean, UEMAk abian jarri du ESNATU dinamika, herritarrok euskararekin daukagun konpromisoa modu kolektiboan erakusteko adierazpen handi eta zabal bat. Herriz herri zabaltzen ari den egitasmo bat da, eta helburua da herriko talde, elkarte eta erakundeek konpromiso batzuk hartzea, Zumaiak herri euskalduna izaten jarrai dezan. 

Beraz, Euskararen Mahaiak dei egin nahi die kultura, kirol, gizarte eta aisialdi alorretako talde guztiei azaroaren 17 baino lehen bakoitzak konpromisoak har ditzan. Bi bide daude horretarako: UEMAren webgunean txertatzea da bat, eta euskaraz@zumaia.eus helbidera bidaltzea bestea. Aurrez adibide eredu batzuk ere jaso daitezke, helbide horretara idatziz gero. 

Udalak ere konpromisoak hartu ditu

UEMAko 50 herri baino gehiagotan mozioak onartu dira ESNATU dinamikarekin bat egiteko. Zumaiakoa urriaren 29ko osoko bilkuran onartu zuten hiru alderdiek, aho batez, eta konpromiso hauek hartu ditu Zumaiako Udalak:

  1. Erabilera plana eta harekin batera onartutako hizkuntza irizpideak bete eta betearaztea. 
  2. Kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien  jarraipena egitea.
  3. Proiektu handiak, plan estrategikoak eta ordenantzak onartu aurretik haien eragin linguistikoa ebaluatzea.  
  4. Euskararen plan estrategikoa bideratzea Zumaian euskal hiztunak aktibatzeko eta euskararen komunitatea sendotzeko. 
  5. Doako euskalduntzerako bidean dirulaguntzak ematea. 
  6. Haur eta gaztetxoen aisialdiko jarduerak euskara hutsean programatzea. 
  7. Etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoak landu eta horretarako bitartekoak jartzea.