Euskaraz eta munduan biziberritzen ari diren hizkuntzez hitzaldia izango da asteazkenean
Maputxe eta ketxua hiztunak izango dira urriaren 21ean Oxford aretoan, Garabide Elkartearen Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programaren barruan antolatutako saioan. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, gaztelaniaz.
Zumaiako Oxford aretoak Euskara eta munduan biziberritzen ari diren hizkuntzak: maputxe eta ketxua ahotsak Zumaian hitzaldia hartuko du asteazkenean, urriak 21, 18:30ean. Lina del Rosario Ancan Neculman maputxe hiztunak eta Elutzman Zunagua Alvarado ketxua hiztunak parte hartuko dute saioan, eta beren komunitateetako hizkuntzen egoera, biziberritzeko erronkak eta egiten ari diren lana azalduko dituzte. Saioa gaztelaniaz izango da.
Bi hizlariak Garabide Kultur Elkarteak antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako partaideak dira. Sei asteko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian, euskararen biziberritze-prozesua eta haren inguruan garatutako esperientziak ezagutzeko, ondoren euren komunitateetara eramateko.
Formazio-programa Garabideren hizkuntza-lankidetzako egitasmoa da, eta helburu du hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko komunitateetako ordezkariak trebatzea eta esperientziak partekatzea. Horrela, euskararen biziberritzean metatutako ezagutza beste komunitate batzuen eskura jartzen da, eta, aldi berean, munduko beste hizkuntzen errealitateak ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Egitasmoak hainbat erakunde eta eragileren babesa jasotzen du, tartean Zumaiako Udalarena. Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak nazioarteko lankidetzarako aurrekontua du, eta Garabide Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatua du horrelako ekimenak sustatzeko.
Lina del Rosario Ancan Neculman, maputxe hiztuna
Lina del Rosario Ancan Neculman emakume maputxe lafkenchea da, eta Txileko Araucanía eskualdeko Teodoro Schmidt udalerrian dagoen Yenehue eremuan bizi da, Wallmapu komunitatearen baitan.
Mapuzuguna du ama-hizkuntza, eta Derrigorrezko Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak egin ditu. Haur Hezkuntzan dihardu, mapuzuguna haurrei transmititzen eta irakasten, eta bere komunitateko antzinako ohiturak, jakintzak eta praktikak belaunaldi berriei helarazten ere lan egiten du.
Mapuzuguna Wallmapuko komunitateetan hitz egiten da, Txileko Araucanía eta Biobío eskualdeetan eta Argentinako hainbat lurraldetan. Hizkuntza gutxitua da, eta transmisioaren beherakada da gaur egungo erronka nagusietako bat: gero eta haur eta gazte gutxiagok hitz egiten dute hizkuntza, eta horrek haren etorkizuna arriskuan jartzen du.
Elutzman Zunagua Alvarado, ketxua hiztuna
Elutzman Zunagua Alvarado Boliviako Potosí departamentuko Antonio Quijarro probintzian dagoen Tomave udalerriko Apacheta komunitatetik dator. Irakasleen Goi Mailako Prestakuntza Eskoletan ikasi du, eta Hezkuntzako gradua eta diplomatura ere baditu. Bere prestakuntza komunitatean eta adinekoengandik jasotako jakintzak transmititzeko eta haiekin ikasten jarraitzeko erabiltzen du.
Ketxua hizkuntza irakasten eta zabaltzen dihardu, baita haren ahozko tradizioak eta txakraren inguruko jakintzak transmititzen ere. Eskoletan eta komunitateko guneetan lan egiten du, ketxuaren erabilera eguneroko bizitzan, familietan eta jarduera publikoetan sustatzeko. Haren lanaren helburu nagusietako bat belaunaldi berriei jakintza horiek helaraztea eta komunitatearen nortasuna bizirik mantentzea da.
Ketxua da Elutzmanen ama-hizkuntza eta kultura-nortasunaren funtsezko osagaia. Bolivian, batez ere Potosí eta Oruro departamentuetan eta beste hainbat eremutan hitz egiten da. Hizkuntzak hiztun ugari dituen arren, transmisioak zailtasunak ditu hainbat komunitatetan: zenbait familiatan, gurasoek ez diete seme-alabei ketxua transmititzen. Horrek arriskuan jartzen du hizkuntzaren eguneroko erabilera, eta komunitateen bizitzan duen presentzia indartzeko beharra agerian uzten du.



