Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak
Azken hilketa sexista salatzearekin batera, hildakoaren familia eta gertukoei babesa adierazi nahi die Zumaiako Udalak. Horrekin batera dei egiten die zumaiarrei bihar (ostirala) Saregile plazan egingo den protestan parte hartzera; 19:00etan izango da.
Zumaiako Udalak gogor salatu nahi du Iruñeko Arrotxapea auzoan gertatutako erailketa sexista eta hildakoaren familia eta gertukoei elkartasun osoa adierazi nahi die.
Urte honetan, bost dira indarkeria sexistaren ondorioz eraildako emakumeak Euskal Herrian. Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea.
Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Zumaiako Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin eta herritar guztiei dei egiten die urriaren 11n, ostirala, 19:00etan, Saregile plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.