19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko'

2024/12/04

Aurrekontuak EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin onartu dituzte; EAJk ezezko eman die. Udal Gobernuaren esanetan inbertsio estrategikoetan aurrera egitea, eta, gizarte zerbitzuak eta berdintasuna indartzea dira lehentasun nagusiak. Aurten, lehen aldiz, genero ikuspegiaren txostena barnebiltzen dute aurrekontuek.

19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean. Unai Larrañaga ogasun zinegotziak egin zuen aurrekontuen inguruko aurkezpena azaroko ohiko osoko bilkuran, eta, haren esanetan, orain arteko oinarrietan sakontzen jarraituko dute: gizarte zerbitzuak eta berdintasun arloa indartzen, eta herriko azpiegituretan hobekuntzak egiten, “herritarren egunerokoan eragingo duten proiektu eta zerbitzu estrategikoetan lanean”. Unai Larrañaga ogasun zinegotziaren esanetan “herritarren ongizatea eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna bermatzen duen aurrekontu sendotua da”. Gainera, lehen aldiz Genero Ikuspegiko txostena osatu dute, Berdintasun Ordenantzaren eskakizunak betez

Aurrekontuak EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin onartu dituzte; azken honek egindako bi eskaera barnebildu ditu EH Bilduren udal gobernuak aurrekontuetan. EAJk, berriz, ezezkoa eman die aurrekontuei; haien emendakinari ezezkoa eman zion Udal Gobernuak.

EAJk 535.000 euroko zuzenketa aurkeztu zuen zehazki, bederatzi proposamenekin (Kontsumo Eskola baten sorrera; irisgarritasuna eta kale azpiegiturak hobetzeko ekimenak; plenoak bideoz grabatzea, anbulategi inguruan bizikletentzako gune estalia jartzea, eta, kiroldegiko makineria berritzea, besteak beste). EH Bilduk EAJren emendakinak ukatu ditu, “ezinbesteko arloak kaltetzen” dituztela argudiatuz. Unai Larrañaga Ogasun zinegotziaren esanetan EAJk egindako proposamenak “oinarrizko zerbitzu eta beharren kontura egin dira”; “proposamen horiek egiteko gizarte zerbitzuetako etxez etxeko zerbitzua murriztea, eta Komentuko kapera ekipatzeko beharrezko partida kentzea proposatu duzue, eta, horri, ezin diogu baiezkorik eman, guretzat oinarrizko zutabeak direlako”. Ogasun zinegotziak gaineratu zuen egindako proposamen asko martxan daudela, edo egiteko aurreikusita daudela.

Aurrekontuaren ardatz nagusiak

Gizarte zerbitzuak eta herritarren ongizatea indartzea

Gizarte zerbitzuak eta eremu soziala zein berdintasuna aurrekontuaren oinarri nagusietako bat dira. Aurrekontuek honako partida esanguratsuak barne hartzen dituzte, besteak beste:

  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea: Aurrekontua 500.000 eurotik 600.000 eurora igoko dute, zerbitzuaren erabilgarritasuna handitzeko eta kalitatea hobetzeko, eta bertan lan egiten duten langileen baldintzak hobetzeko.
  • Esku-hartze psikosoziala: 241.000 euroko partida berean elkartu dira arlo horri dagozkion zerbitzu guztiak. Banan banan ematen ziren 5-6 zerbitzu bateratu dituzte, baliabideak optimizatu eta kalitatea hobetzeko, zein sinergiak bultzatzeko. Gainera, ordu gehiago eskaintzeko aukera aurreikusten da.
  • Emakumeon* Etxeari baliabide gehiago, emakumeen ahaduntzean sakontzeko: Aurrekontua bikoiztuko da aurtengoan (45.000 eurotik 90.000 eurora), berdintasunaren aldeko ekimenak indartzeko eta emakumeen* partaidetza eta ahalduntzea bultzatzeko. Eredua arrakastatsua izan da.
  • Zaintzaren inguruko lanketekin aurrera: Duela bi urte abiatutako lanketari segida emango diote hurrengo urtean ere. Zaintzaren inguruko hausnarketa sakon bat egiten ari da Udala herriko eragile askorekin, Prebentzio Mahaiaren barruan, eta, hurrengo urtean, zaintzarekin lotura duten herriko zenbait azpiegituraren inguruko laketari ekingo diote. Zaintza eta azpiegiturak batera aztertuko ditugu; eta horietan zerbitzu berriak txertatzeko aukera.

Genero Ikuspegiko txostena lehen aldiz aurrekontuetan integratuta dago, Berdintasun Ordenantzaren markoa betez.

Dirulaguntzak sendo mantentzen

Dirulaguntzen arloan ere sendo mantenduko da aurrekontua. Beste zenbaiten artean, honako partidak aurreikusi dituzte:

  • Euskara sustatzeko dirulaguntzak: 100.000 eurotik gora bideratuko dira. Eskoletan eta herriko ekimenetan bi urteko lanketa bereziak garatuko dira, hizkuntza normalizatzeko ekimenak indartzeko.
  • Alokairua sustatzeko dirulaguntza: 50.000 euro. Gainera, etxebizitzaren alorrean lanketa berezia egingo da: Zumaiako etxe hutsen egoera eta kopurua aztertuko dira, eta Gune Tentsionatu izendapenarekin lotutako neurriak indartuko dira.
  • Kirol arloko dirulaguntzak: 110.000 euro tokiko kirolari federatuak laguntzeko, eta 52.500 euro jarduera fisikoa sustatzeko.
  • Merkataritza sustatzeko dirulaguntzak: 80.000 euro, herriko merkataritza dinamizatzeko eta tokiko ekonomia indartzeko.
  • Babespeko apartamentuetarako dirulaguntza: 55.000 euro, etxebizitza beharrean dauden herritarrei laguntzeko.

Inbertsio estrategikoak: herria hobetzeko proiektuak

Udalak inbertsio estrategikoak egiten jarraituko du 2025ean ere, herriko azpiegiturak eta gune publikoak hobetzeko:

  • Moilaberri eraikinaren eraberritzea: 850.000 euro. Eraikin historiko hau turismo bulego berria bihurtzeko lanak egingo dituzte. Turismo bulegoa Moilaberrira eramanda, Gaztelekua handitzeko aukerak aztertuko dituzte. 
  • Itzurunbideako igogailua: 675.000 euro. Irisgarritasuna hobetzeko 675.000 euro bideratuko dira.
  • Komentuaren ekipamendua: 400.000 euro. Eraikinaren birgaitze lanak amaituta, areto nagusia ekipamendu teknologikoarekin ekipatuko da.
  • Komentuko lorategia: 400.000 euro. Kultur Topagunea inguruatzen duen lorategia ere eraberrituko dute 2025ean zehar.
  • Santiagoko hobekuntzak: 200.000 euro. Santiagoko arrapala azpiko hobekuntzak ere egingo dituzte, hondartzako baliabideak eta herritarrei zuzendutako zerbitzuak bertan kokatzeko.
  • Bide publikoak hobetzeko lanak eta hirigintza azterlanak: ia 100.000 euro erabiliko dituzte horretarako.

2025ean zehar bestelako proiektuak ere egingo dituzte, momentuz aurrekontuetan txertatuta ez daudenak. Asmoa da apirilean proiektu horiei dagokien aurrekontua gerakinetik gehitzea. Horien artean garrantzitsuenak dira Erkibeko lorategiaren eraberritzea, Marianton parkea eta skate parke berria.

Aurrezki garbia eta zorpetze maila baxua

2025eko aurrekontuak 884.000 euroko aurrezki garbia aurreikusten dute, %21eko igoera suposatzen duena aurreko urtearekiko. Aurrekontu hau lortzeko, Udalak gastu arrunten kontrol zorrotza eta baliabideen optimizazioa lehenetsi ditu, inflazioaren eta obren gainkostuen testuinguruan. Gastu arrunten atala, adibidez, %1 murriztu dute aurreko urtearekin alderatuta.

Gainera, Udalaren zorpetze maila %4,08koa da, maila jasangarria eta proiektu handiagoetarako palanka ahalmen gisa erabil daitekeena. Ogasun zinegotziaren esanetan orpetze maila txiki honek Udalari etorkizuneko inbertsio estrategikoetan malgutasuna bermatzen dio, eta aldi berean, kudeaketa ekonomiko arduratsuaren adierazgarri da.

EAJk kritikatu zuen gerakina gastatuz gero Udalak mailegua eskatu beharko lukeela, eta horrek etorkizuneko finantza-karga ekar lezakeela. Larrañagak, ordea, gogorarazi zuen aurreko urtean, inbertsioak egiteko, mailegurik ez hartzea leporatu zietela. “Garai hartan, interes-tasa %4,5ekoa zen, baina gaur egun %2,5ekoa da. Miailegua orain eskatuz gero, milioi bat euroko ia 70.000 euro aurreztuko genituzke. Hortaz, egokia da une hau baliatzea eta baldintza ekonomikoak aprobetxatzea,” azaldu zuen.

Albiste erlazionatuak