Doan eta erdigunetik hurbil aparkatu nahi Zumaian?
Euskal Herriko kostaldeko txoko harrigarri hau formazio geologikoengatik eta ondare aberatsagatik ezagutzen bada ere, leku irisgarri eta abegikorra ere bada. Agian kontrakoa entzungo zenuen, baina Zumaian erdigunetik hurbil aparkatzea erraza da. Gaur egun, Zumaian mugikortasuna nola hobetzen ari den erakutsiko dizugu ondoren. Aparkatzeko aukera ugari daude bisitarientzat nahiz bertakoentzat, guztiok ere lasai gozatu ahal izan ditzagun herriko altxorrak. Zumaiako aparkalekuen errealitatea
Askok pentsa dezaketenaren kontra, Zumaian bada lasai eta doan aparkatzeko aukera. Gainera, Zumaiako benetako esentziaz gozatu nahi bada oinez egin behar da eta egin daiteke, guztira 8 kilometro dituen ibilbide sareari esker (izan ere, edozein interesgunetara irits daiteke oinez 5/10 minututan).
Doako eta ordaindutako aparkalekuak erdigunean nahiz sarreretan
Aparkaleku ugari dauzkagu doan edota ordainsari txiki baten truke eta guztiak herriko erdigunetik oinez minutu gutxira daude.
Horietako bat, kirol portutik gertu dagoen aparkalekua da. Bertan aparkatuz gero txalupa bat har dezakezu, eta zuzenean erdigunera eramango zaitu (gainera, uretatik paisaia zoragarriaz gozatu eta leku kuttunetan trafikoa arinduko duzu). Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu esteka honetan.
Bizi Zumaia: oinez ibiltzearen onurak
- Lotura zuzena bertako biztanleekin: Zumaian zehar oinez ibiliz, bertakoak ezagutzeko aukera gehiago izango duzu. Euskaldunon abegikortasuna dastatzeko aukera paregabea izan daiteke, batez ere lehen hitza euskaraz egiten baduzu (eta bide batez, Europako hizkuntzen artean harribitxia den euskarari bizia emango diozu!).
- Osasuna eta ingurugiroa: oinez ibiltzeak karbono-aztarna murrizteaz gain, bizimodu osasungarria izaten laguntzen du.
- Ustekabeko aurkikuntzak: Oinez ibiltzeak ezkutuko altxorrak aurkitzeko aukera ematen dizu, hala nola kafetegi xarmagarriak, bertako dendak eta produktuak nahiz ezusteko txoko eta ikuspegi zoragarriak, autoz joanda ikusiko ez zenituzkeenak, alegia.
Zure bisitaldiari etekin gehiago atera nahi badiozu, hona hemen aholku batzuk:
- Etorri baino lehen informazioa bildu: Mugikortasunari eta aparkalekuei buruzko informazioa aurrez bilatu, edo Zumaiara iristean turismo bulegora joan.
- Garaiz etorri, ez presaka, eta ahal bada, denboraldi baxuan: Horrela oraindik errazagoa izango zaizu aparkatzea nahiz herriaz lasai eta presarik gabe gozatzea.
- Ibilbidea prestatzean malgu jokatu, denbora hartuz: Utzi lekua unean uneko esplorazioentzat, oinez batetik bestera lasai ibiliaz aurkikuntza ederrak egingo dituzu!
Zumaiako bisitari arduratsuaren jokabideak
Zumaia bisitatzea aukera paregabea da bertako edertasun naturalez eta ondareaz gozatzeko. Turismo arduratsua praktikan jartzea funtsezkoa da gure komunitatea eta ingurunea errespetatzeko. Hona hemen aholku batzuk:
Bertako ohiturak errespetatu eta haietara egokitu
- Bertako ohiturak errespetatu: Zumaiaz gozatzeko modurik onena bertako ohiturak errespetatzea da. Adibidez, hondartzara joateko, utzi autoa eta joan oinez, bertakoek egiten duten bezala.
- Errespetuzko portaera: Errespetuz eta gizalegez jokatu, iraingarriak izan daitezkeen edozein portaera albo batera utzita.
Garraio publikoa erabili eta jasangarritasuna sustatu
- Txalupa bidezko loturak: Garraio publikoa sustatzen dugu ingurugiro inpaktua murrizteko, esate baterako kirol portua eta erdigunea lotzen dituen txalupa erabiliz edota Santiago hondartzara eramaten zaituen beste txalupa hartuz.
- Garraio publikoa erabili: zure ostatua garraio publikotik hurbil baldin badago, trena edo autobusa erabiltzea gomendatzen dizugu, bai Zumaiara iristeko eta bai inguruetan mugitzeko. Izan ere, ordu-erdiro iristen dira Zumaiara. Ez duzu aparkatu beharrik izango eta bidaian zehar inguruneaz gozatuko duzu. Informazio gehiago esteka honetan aurkituko duzu.
Bertako ekonomia eta kultura sustatu
Bertako gastronomiaz eta merkataritzaz gozatzera gonbidatzen zaitugu. Bisitari modura izango duzun esperientzia aberastuko da eta herriko ekonomia indartzen lagunduko duzu.
Turismo arduratsua Zumaian
Jokabide hauek zeure egiten badituzu, esperientzia hobea izateaz gain, Zumaiako ongizatean eta zaintzan lagunduko duzu. Turismo arduratsua konpromiso serioa da guretzat. Argibide hauek jarraituz, guztiok irabaziko dugu!