Kantauriko balkoira iristeko hamaika bide

2021/06/28

Autoz, hegazkinez, garraio publikoan edota oinez. Erraza da Zumaiara iristea, modua hautatu besterik ez duzu.

Gipuzkoako kostaldeko leku pribilegiatu batean dago Zumaia: itsasertzean, Urola eta Narrondo ibaiek bat egiten duten badian, eta mendi ertzean. Itsasoaren indarrek etengabe moldeatzen dute itsasertza, eta parekorik ez duen labar eta harralde ikusgarriez osaturiko paisaia eratzen dute. Geologia-altxor horrez gain, Bizkaiko golkoko zenbait eraketa eta ekosistema aipagarri biltzen ditu Zumaiak. Esate baterako, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune ikusgarria -Biotopo Babestua izendatua- eta Urola itsasadarreko Batasuneko Garrantzizko Lekua.

Leku ikusgarria da, dudarik gabe, eta bisitatu nahi baduzu, airez nahiz lurrez iritsi zaitezke Zumaiara, zeuk aukeratu!

Airez, Euskal Herriko aireportu nagusia, Loiukoa, 55 minutura duzu. Zumaiara iristeko, ordea, ez duzu aireportu bat, lau dituzu! Denak oso gertu, gainera. Izan ere, Bilbokoaz gain, ordubete azpitik dituzu Hondarribiko, Gasteizko eta Miarritzeko aireportuak.

Inguruko hiriguneetan edo herrietan bazaude, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dizugu: trenez edo autobusez iritsi zaitezke. Aukera anitza izango duzu, maiztasunez eta ordutegiz, asteguna nahiz asteburua izan. Beraz, ez baduzu nahi denborarik galdu aparkatzen edota lasai egin nahi baduzu pintxo-potea, garraio publikoa da aukerarik egokiena. Hona hemen jakin beharreko informazio guztia.

Hala eta guztiz ere, autoa gidatzea gustuko baduzu, eta autoz etortzea erabaki baduzu, jakin ezazu doako aparkalekuak dituzula herriko sarreretan, eta erdigunera berehala iritsiko zara oinez edo itsasontziz. Hemen duzu aparkalekuen inguruko informazio eguneratua.