Marinelen zaindariaren arrastoak Zumaian

2021/07/07

Marinel bat itsasora erori zen eta bizitza galtzear zegoela, erregutzen hasi zen San Telmoren laguntza. Hura agertu zitzaion eta esan zion: "Hemen nago arriskutik askatzeko". Eskua hartu zion marinelari eta ordurako oso urrun zegoen ontzira eraman zuen. Beste ekaitz batean, marinel batzuk arriskuan zeudela ikusiz San Telmori erreguka hasi ziren, eta, berehala, segurtasunean aurkitu ziren. Hil eta gutxira, usain zoragarria zuen olioa isurtzen hasi zela bere hilobitik, eta olio hori gaixotasun askoren sendagaia zela.

Nabigatzaileak, piratak eta kortsarioak, Ternuara joaten ziren arrantzale ausartak, arrantzatutako baleak... Horiek eta aurrez esandakoak, guztiak dira kondairak. Baina denek dute lotura zuzena Zumaiarekin. Izan ere, kostako herria izanik, istorioak biltzen joan da historian zehar. Zaila da errealitatearen eta fantasiaren arteko muga jakitea edo ezagutzea. Baina Zumaiaren eta itsasoaren harreman estua ikusirik, ez da arraroa San Telmo izatea herriko patroia.

Eta Telmo Deunak arrasto ugari utzi ditu herrian, besteak beste, San Telmo kofradia eta ermita. Bata zein bestea, harribitxiak dira! Garai batean benta-lekuetan arraina enkantean saltzeko erabiltzen ziren makinetatik, Euskal Herrian geratzen den bakarra Zumaian dago. San Telmo kofradian, hain zuzen ere, herriko eraikin historikoan eta sinbolikoenetarikoan. Garai batean arrainaren salmenta nola egiten zuten ikusteko leku bakarra da, beraz, Zumaiakoa. San Telmo ermita, berriz, aise ezaguna da. Aurkezpenik behar ez duen leku horietakoa da. Baina, hala ere, baditu sekretuak ezkutuan.

Antzinako istorioak eta bitxikeriak ezagutu nahi badituzu, baduzu aukera. Zumaiako Turismo sailak bisita gidatuak antolatu  ditu . Bisita guztiak 5 minutukoak izango dira,  euskaraz eta gaztelaniaz egin ahalko dira, eta 1,5 euro ordaindu beharko dira. Informazio gehiago behar baduzu, turismo bulegoan aurkituko duzu behar duzun guztia.

Ez galdu aukera, eta ezagutu marinelen zaindariak Zumaian utzitako arrastoak, eta istorioak!