Zumaia ezagutzeko zazpi arrazoi

2023/07/19

Paisaia ikusgarriak, aparteko hondartzak, bertako produktu freskoak txoko guztietan. Historia, museoak eta geologia urte guztian zehar aztertzeko. Kulturaz eta ekintzaz beteriko egutegia, merkataritza aukera ugaria, artea nonahi. Horrekin guztiarekin eta gehiagorekin osatu dugu Zumaia ezagutzeko eta bizitzeko zazpi arrazoien zerrenda. Zumaiako egonaldia esperientzia ahaztezina izateko osagai guztiak aurkituko dituzu!

1.- Esperientzia berdingabeak.

Flyscha fenomeno geologiko bat da, milioika urte ditu eta zientzialariek hamarkadak daramatzate aztertzen. Munduan zehar leku gutxi, oso gutxi, aurkituko dituzu horrelako aberastasun geologikoarekin, eta horietako bat da Zumaia. Hori gutxi ez eta orain, belaontzian bisitatzeko aukera duzu: modu ekojasangarri, erlaxatu eta esklusiboan. Guztira, bisita gidatu berriaren 8 irteera programatu dira, irailaren erdialdera arte. Belaontzian flyschaz gozatzea Euskal Kostaldeko Geoparkean bizi beharreko beste abentura gogoangarri bat bihurtuko da.

2.- Paisaia bakarra.

Euskal Kostaldeko Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute eta Kantauri itsasoaren eta euskal mendien artean dago kokatua. Lehen begiratuan, itsasertzetik barrurantz, bata bestearen atzetik dauden zelai eta basoak nabarmentzen dira. Baina beti gertatzen den bezala, benetako edertasuna barnealdean dago, eta leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko duzu. Geoparkea gehien bat geologiari lotuta dagoen arren, ondare artistikoa, ukiezina, natur ondarea, edota energia berriztagarrien inguruan gehiago jakiteko aukera eskaintzen dizu. Horiek guztiak gainera, urte guztian zehar bisitatu ditzakezu Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuei esker.

3.- Natura txundigarria.

Lehen kolpean itsasoak liluratuko zaituen arren, barnealdeko berdearen erakargarritasuna handia da. Biek ala biek aukera ugari eskaintzen dituzte Zumaiako urdinaz eta berdeaz gozatzeko. Zer duzu gustuko? Ur jarduerak? Oinezko ibilbideak? Itsasontzian edo belaontzian ibiltzea? Talasoterapian erlaxatzea? Nordic walking egitea? Ziur gurean aurkituko duzula!

4.- Historiaz betea.

Telmo Deunaren omenezko ermitaren kokapena ikusirik, garbi gelditzen da Zumaiaren, itsasoaren eta marinelen arteko lotura estua. Lotura horrek hainbat sekretu eta istorio ezkutatzen ditu San Telmo ermitan eta horiek ezagutzeko aukera duzu uda honetan, egunero, abuztuaren 31ra arte 11:30etatik 13:30etara. Bestalde, astelehenetik larunbatera 11.00etatik 14:00etara, San Pedro parrokia ere bisitatu dezakezu. Zumaiako erdigunea izateaz gain, herria menperatzen du, eta antzina itsasotik iristen ziren erasoen gotorlekua izan zen. Horregatik, Zumaiako 360 graduko bista ikaragarria aurkituko duzu! Eta museoak eta historia gustuko baduzu, ez ahaztu Zuloaga eta Beobide museoak eta Algorri Interpretazio Zentroa urte guztian zehar daudela zabalik.

5.- Familia osoarekin.

Familiarekin denbora pasatzea, kalitatezko denbora, kide bakoitzaren gustuko gauzak eta ekintzak eginez. A zer luxua, ezta? Geologiaz, naturaz, kirolaz, hondartzez edota ezkutuko altxorrez gehiago jakin nahi baduzu familian, denek gozatzen duzuen bitartean, Zumaian egin dezakezu.

6.- Aire zabaleko merkatalgunea.

Janaria izan, arropa behar, edota etxerako osagarrien bila ibili, Zumaian duzu. Bertako produktuak eta bertako dendetan erostea da herrian barneratuta sentitu eta benetako Zumaia bizi ahal izateko modu onenetakoa. Dendaz-denda, saltokiz-saltoki, herritarrekin topo egiten duzun bitartean, aukera zabala eta produktu ezin hobeak aurkituko dituzu.

7.- Edertasunez blai.

Kokapenak, eraikinak, inguruak... denak egiten du eder Zumaia. Edozein ikuspuntu hartuta, herriko irudi ederrak lortuko dituzu. Horrez gain, ordea, Zumaiak badu artearekiko sentsibilitate berezia, eta horregatik, kalean hainbat artelan eta eskultura ikusteko aukera duzu. Horiek guztiak ikusten dituzun bitartean, Zumaiatik ibilbidea egiteko aprobetxa dezakezu.