Zumaia herrigunetik haratago
Gipuzkoako kostaldearen txoko berezienetakoan kokatzen da Zumaia. Bereziaz gain, pribilegiatua ere bada.
Izan ere, iparraldean eta herria bustiz, Kantauri itsasoa du. Gainera, labarretan mundu mailan ezaguna eta erreferente den flysch-a du. Geologia arlotik benetako altxorra, eta ikusmenerako, berriz, plazera.
Barru aldera begiratuz gero, Zestoa eta bere historiarekin aurkituko zara parez pare: Ekaingo kobazuloak eta haitzulo horietako labar-pinturak. Ekainberri museoa eta erreplikari esker, duela 14.000 urte lehen gizakiak nola bizi ziren ezagutu, eta errepikatzeko aukera duzu: sua egiten, ehizatzen...
Ekialdera begiratuz, aldiz, Getariako Askizu menditxoak zaintzen du herria, eta eguna itzaltzera doan unean, berriz, mendebaldera begiratu beharko duzu; eguzkiaren azken izpiak izango dituzu Debatik hasi eta Bizkaiko kostalderaino.
10.000 biztanle inguru ditu Zumaiak, eta horietatik gehienak, herrigunean bizi dira. Baina, herritik kanpo gelditzen diren eta bizi asko duten auzoak ere baditu. Nabarmentzekoak dira Artadi eta Oikia.
Artadi muino batean ageri da, artez osatutako baso (artadi) zoragarrien artean, eta bertako elizatik Zumaiako ikuspegi ederrenetakoa du: Zumaia, Urola ibaia eta itsasoa. Horrez gain, Zumaiatik oinez txango polita egiteko aukera ematen du, bereziki haurrekin, ibilbidea atsegina eta erraza delako, eta bertan pilotan jolasteko frontoi txiki bat eta jolas batzuk dituzu. Goiz edo arratsalde bat igarotzeko aproposa da. Pilotalekua aipatuz, ezin utzi esan gabe, pilotari dinastia ezagun baten jatorrizko lekua da: Dinastia Etxabe. Gaur egun, horien omenez pilota txapelketa garrantzitsua egiten da herrian uda oro.
Artaditik bertatik Oikia auzoa ikusten da, eta hango San Bartolome eliza eta Kondekoa etxea. Oikiara iristeko modurik berezienetakoa, Urola ibaia hartzea da kayak batekin. Bedua igaroko duzu bidean, leku bukoliko bezain ederra.
Artadirekin gertatu bezala, Oikia biztanle ospetsua izandakoa da: bertan jaio zen Baltasar de Etxabe margolari famatua. Etxabe 1573. urtean Mexikora joan zen, eta pintura-eskola espainiarra sortu eta bultzatzeaz gain, garai hartako pintore espainiar handienen artekotzat jo zuten askok, Zurbaran edota Murillorekin batera.
Bi auzo xarmant horiez gain, Donostiatik Bilborako errepidean bada hirugarren auzo bat ere: Narrondo. Hasierako begiradan eskaintzeko ezer ez duela eman arren, industria-tradizio handia ezkutatzen du. Izan ere, izen bereko ibaiaren ertzak egokiak izan ziren instalazio hidraulikoetarako, hala nola errotetarako eta burdinoletarako. Hala, 1344an errota bat zuen; eta 1535ean bi burdinola zituen, portu baten eta lonja batekin batera. Egoera horiek guztiek industrializazioaren hasiera eragin zuten Zumaian, eta historiaren pasarte hori ikusgai duzu oraindik Narrondon.
Auzoak ere Zumaiako altxorrak dira. Ezagutu eta disfruta itzazu, ez zara damutuko!