Zumaiako Alde Zaharraren xarma

2023/12/21

Kantauri itsasoagatik, kosta bereziagatik, edota klima arinagatik. Zumaiara etortzeko arrazoiak hamaika izan daitezke. Edozein dela arrazoia, historia eta kultura aberatsak dituen herrialdea aurkituko duzu.

Gauza bat argi dugu, Zumaiara iristean merezi du azalean geratu gabe herria ondo ezagutzeak. Pasiera erraz batean, herriko altxor eta txoko ugarirekin egingo duzu topo, eta benetako Zumaia ezagutuko duzu: bere historia, istorioak, ondarea eta artea. Eta, batik bat, zumaiarrak.

 

Gainera, gurea herria txikia denez, ez duzu denbora gehiegi beharko, eta zeure kabuz ezagutu ahal izango duzu. Horretarako, panel ugari dituzu azalpenekin eta Alde Zaharreko eraikin historiko bakoitzak informazio laburra du jarrita ikusiko duzun paneltxoan. Hala ere, laguntza gehiago behar izanez gero, pasa zaitez Turismo Bulegotik eta hartu hirigune historikoaren mapa.  Abentura hastear da!

 

Ez dira gutxi bidean aurkituko ditugun garai eta ezaugarri desberdinetako eraikin esanguratsuak:

  • San Pedro elizak pertsona gutxik ezagutzen dituzten gotiko eta errenazimendu garaiko altxorrak ezkutatzen ditu, beste batzuen artean Antxietaren erretaula ikusgarri bezain aberatsa.
  • Arritokieta eta San Telmo ermitek nahiz Foronda jauregiak, txoko kutunak izateaz gain, historia interesgarriak gordetzen dituzte eta Zumaiaren ikuspegi ederrenetakoak eskaintzen dituzte.
  • Beobide museoak eta Z kultur guneak lagun handi izan ziren bi artisten altxorrak ezagutzeko aukera ematen digute; Beobide eskultorearenak nahiz Zuloaga margolariarenak, hurrenez hurren. Eta Algorri interpretazio zentroak, berriz, natur ondarea deskubritzen lagunduko digu.
  • Zumaia, Ubillos eta Olazabal jauregiek Zumaiaren irudirik zahar eta dotoreena emango digute, erdigunea osatzen baitzuten garai eta estilo desberdinetan eraikitako harribitxi hauek.

 

Eraikinetatik haratago, tokiko tradizioei eta historiari buruz dena ikasi nahi dutenentzat ere bada Zumaia. Eta erdigunetik pasiera hori aprobetxa dezakezu, industria eta itsas-ondareaz ere zerbait ikasteko.

 

Itsasoari begira bizi den herria izan arren, arrantzak ez du izan bertan kostaldeko beste herri batzuetan izan duen garrantzia. Zumaiako ekonomiaren motorra industria izan da. Hala ere, bertako industria-ekimen nagusietako batzuk itsasoari lotuta egon dira, industrializazio-prozesuan zehar; esate baterako, itsasontzigintza eta itsas motorren fabrikazioa.

 

Geologiak ere zerikusi handia izan du horretan. Inguruko lurren ezaugarriei esker, hainbat zementu fabrika sortu ziren XIX. mendearen amaieran, ezagunenetakoa “Cementos de Zumaya” markarekin sortu zena eta zementu mota jakin bati “Zumaya” deitzeko aitzakia eman zuena; horrek ontzigintza eta motorgintza bultzatu zituen, eta gaur egun ondare horren berri jasotzeko ibilbidea aurkituko duzu herrian, panelen bidez.

 

Hala ber, itsasoaren ondarea ere nabari daiteke herrian; arrantzaleek utzitako arrastoa handia da, eta arrainaren salmentarako erabili ohi ziren makinetatik Euskal Herrian geratzen den bakarra ezagutuko duzu San Telmo kofradian.

 

Ondare guzti hori ezagutzera emateko asmoz, ZIIZ elkarteak eta Zumaiako Udalak lankidetzan, industria jarduera desberdinek Zumaian izan duten garrantzia azaltzen duten panelak jarriak dituzte, kokapen desberdinetan. Bila itzazu, eta ezagutu Zumaiako ondare ezezagun bezain garrantzitsua.