Zumaian fresko-fresko
Uda eta oporrak iristearekin batera, eguzkiaz eta egun luzeez gozatzeko gogoa handitzen da. Baina tenperaturak gora egiten duenean, freskatzeko planak bilatzea ere eskertzen da.
Zorionez, Zumaian aukera ugari daude udako egun beroak modu atseginean pasatzeko, bai barrualdeetan bai urarekin lotutako jardueren bidez.
Atseden hartzeko eta beroari ihes egiteko leku aproposak dira Zumaiako museo eta erakusketa guneak. Azken orduan egindako plana bada, Moilaberri Estazioa eraikineko bigarren solairuan Zumaia historian zehar erakusketa bisita dezakezu; baina bisita aurrez prestatzeko aukera izan baduzu, hitzorduarekin bisitatu ditzakezun museoa gehiago ditugu. Julio Beobide Museoan, adibidez, herriko artista ezagunenetako baten ondarea eta lantokia ezagutzeko aukera izango duzu; Z Kulturguneak Ignacio Zuloagaren bilduma pribatuko obra esanguratsuenak biltzen ditu; eta Kantauri Ondare Museoak itsasontziei eta ontzigintzari lotutako altxorrak ditu. Aukera guztiak dira uda egun beroetan kulturaz eta freskotasunaz gozatzeko aukera bikainak.
Horrez gain, merezi du bisita egitea San Pedro Parrokia elizara. Herrigune historikoaren goialdean kokatua, tenplu gotiko ikusgarri honek freskotasuna ez ezik, Zumaiako ondare artistiko eta historikoaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko aukera eskaintzen du, bertan harrera egingo dizuten boluntarioei esker.
Jakina da beroari aurre egiteko modurik onenetakoa ura dela, eta Zumaian ez da aukerarik falta. Herriko hondartzek bainurako eta atseden hartzeko aukera bikainak eskaintzen dituzte. Itzurun eta Santiago hondartzetan itsasoaz gozatu, paseatu edo olatuen freskotasuna sentitu daiteke.
Bestalde, natura uretatik ezagutzeko aukera ere badago. Kayakean edo paddle surfean Urola itsasadarrean barrena ibili zaitezke, edo itsasontziz flyscharen oinetaraino hurbildu. Uretatik ikusita, Zumaiako kostaldeak beste dimentsio bat hartzen du: itsaslabar ikusgarriak, geruza geologiko paregabeak eta itsasoaren freskotasuna uztartzen dituen esperientzia ahaztezina bihurtzen da. Itsas txango gidatuek, gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkearen historia eta sekretuak ezagutzeko aukera eskaintzen dute.
Urola ibaia eta itsasadarra ere leku aproposak dira uda egun beroetan freskotasunaz gozatzeko. Uraren gertutasunak eta itsas haize leunak giro atsegina sortzen dute, bai paseoan dabiltzanentzat bai uretako jarduerez gozatu nahi dutenentzat. Itsasadarrean barrena egin daitezkeen kayak, batelean edo paddle surf irteerek aukera ematen dute ingurunea beste modu batean ezagutzeko, uraren mailatik eta erritmo lasaian. Ibilbide horietako batzuk, garai bateko burdinolara eta ontziolara iristen ziren ontzien antzera, Bedua auzoraino iristen dira; itsasgoraren laguntzaz, itsasadarraren barrualdean nabigatuz, paisaia lasaiago eta berdeago batean murgiltzeko aukera eskaintzen dute. Uretatik ikusita, Beduako inguruneak udako beroari aurre egiteko freskotasuna eta naturarekin lotutako esperientzia paregabea eskaintzen ditu.
Zumaian uda ez da soilik eguzkia eta hondartza. Herriko ondarea ezagutzea, museoetan murgiltzea, eliza historikoak bisitatzea edo uretako jardueretan parte hartzea plan ezin hobeak dira tenperatura altuei aurre egiteko. Freskatzeko aukera ugari daude, bakoitzak bere gustuko moduan uda gozatu dezan.
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





