Beduako meandroa eta uharteak
Beduako meandroa
Beduako meandroa estuarioaren goialdean dago; ibaia herrigunera iritsi baino lehen, alegia. Oikiako ibar zabala igaro ondoren, Bedua inguruan, ibaia bi muino malkartsuren artean ahokatzen da. Ezkerraldeko ertzean, lehen-lehenik baratzak azaltzen badira ere, aurrerago sastraka eta basotxoak dira nagusi. Eskuineko ertza 70eko hamarkadan eraldatu zen, eta lur mugimendu eta betelanen bitartez, lautada luzea eraiki zen. Itsasaldiek eta ibaiak garraiatutako materialen dinamikak landare eta animalia komunitate bitxiak dituen ekosistema berezia sorrarazi du.
Beduako uharteak
Beduako uharteen inguru horretan, padurako lur lau eta emankorrak lehortu, eta nekazaritzarako eta industriarako erabili dira. Ondorioz, Urolako padura gune gehienak desagertu egin dira.
Flora eta fauna
Azalera txikia izan arren, egoera onean daude Beduako irlak (Usurbiribillaga izena dute); horren erakusgarri dira bertan ikus ditzakegun zenbait espezie, ongi kontserbatutako habitatetan soilik agertzen direnak. Oikiatik hurbilen dagoen guneak itsasaldien eragin txikia du, eta, ondorioz, erriberako landaredia ikus dezakegu: haltza, platanoa eta zenbait landare txiki.
Beduako eta Santiagoko padurek antzeko ingurumen baldintzak dituztenez, eta, oso hurbil daudenez, antzeko fauna eta hegaztiak aurkituko ditugu bietan; izan ere, hegaztiak etengabe joaten dira batetik bestera.