1. Nola sortzen dira dunak?

2-panela-OPT.jpg

SANTIAGOKO DUNA-SISTEMAK, BEREZIAK BEZAIN URRIAK

Euskal kostaldean duna-sistema gutxi daude. Garai batean duna ugari zeuden gure hondartzetan, baina azken 200 urteotan asko murriztu dira. Ondorioz, hondartzek egonkortasuna galdu dute eta dunetan bizi diren landareak galtzeko arriskuan daude. Euskal Autonomia Erkidegoan dunetako habitata mantentzen duen leku bakarrenetakoa da Santiago, baita Gipuzkoan azalera handiena hartzen duena ere.

NOLA SORTZEN DIRA?
Hondarra, haizea eta hondarra metatzeko lekua dugunean dunak modu naturalean sortuko dira. Inguruko ezaugarriak direla eta (lur mugikorra, gazitasun altua edo ur gezaren falta) ekosistema hauskorra osatzen dute. Oso dinamikoak dira eta, azkar aldatzeko gaitasuna azaltzen badute ere, hiru eremutan sailka daitezke:

1. eremua - Hondartza:
Itsasoaren eta dunen arteko eremua da. Itsasoaren eragina handia denez, hondarra asko mugitzen da. Tarte honetan pilatutako egur eta materia organikoek hondarra metatzen lagunduko dute. Eremu hauen kolonizazioa zaila da hareak elikagaiak metatzeko gaitasun txikia duelako. Baldintzak gogorren ondorioz, landare gutxi izango dira bertan bizitzeko gai. Gazitasunera moldatutako urteko espezieek osatzen dute komunitate hau.

2. eremua - Duna mugikorra edo duna primarioa:
Haizeak hondartzako hondarra barnealderantz mugitzen du eta oztopoak aurkitzean (landareak, adarrak), pixkanaka metatzen joango da, tontor txikiak osatuz. Duna hauek etengabe eraldatuko dira, haizearen eragina handia baita. Harea mugikorra den lehen lerroan landare iraunkorrak ageri dira. Gazitasun eta drainatze altuko eremua da, oso lehorra. Hortaz, landareek sustrai luzeak garatu beharko dituzte bertan finkatu ahal izateko.

3. eremua - Duna finkoa edo duna sekundarioa:
Itsasotik urruntzen goazen heinean, gazitasunaren eta haizearen eragina gero eta txikiagoa da, hondarra ez da hainbeste mugitzen eta duna finkoa bilakatzen da. Landare garatuagoak eta konplexuagoak agertuko dira eta gero eta landare-estaldura handiagoa ikusiko dugu. Landare belarkarak eta zuhaixka txikiak nagusitzen dira, eta eremu batzuetan harea guztiz estaltzen dute. Habitat honetan orkidea ikusgarriak agertzen dira.