2. Dunetako bizidunak

2-panela.jpg

SANTIAGOKO DUNETAKO BIZIDUNAK EZAGUTZEN

Dunak arriskuan dauden espezie askoren bizitokia dira. Inguruko bizi-baldintza gogorrei aurre egiteko bertan bizi diren landareek hainbat moldaera garatu dituzte. Landareek ura gordetzeko hosto mamitsuak dituzte eta intsektuek zenbait estrategia erabiltzen dituzte harrapari gisa aritzeko; esaterako, hondarrean inbutu itxurako tranpak jartzea inurriak bertan erortzeko.

Dunetako onddoak
Onddoak hezetasunarekin lotzen badira ere, dunetako baldintzetara egokitu diren espezieak aurki daitezke. Esaterako, Psathyrella ammophila onddoa Ammophila arenaria landarearen sustrai hilez elikatzen da.

Dunetako landareak
Santiago hondartza landaretzari dagokionez Euskal Herriko aberatsenetakoa da, eta bertan 100 espezie baino gehiago aurki daitezke. Horietako 10 dunetakoak dira eta beste 5 kostaldeko beste ekosistemekin partekatuak. Hala ere, espezie asko kontinenteko komunitateetakoak dira eta hori eremuaren degradazioaren adierazletzat har daiteke. Dunetan aurki daitezkeen espezie exotikoek ere kalteak eragingo dituzte bertako landaretzan.

Dunetako animaliak
Hegazti batzuek kumeak izateko erabili ohi dituzte dunak. Gaur egun, oso txikiak dira eta gizakiek presio handia eragiten dute zarata eraginez edo lurzorua zapalduz. Ondorioz, hegazti habiagileak ez dira dunetan finkatzen. Ornodunen artean narrastiak aurki daitezke, bereziki zirauna, baina ornogabeek osatzen dute dunetako fauna nagusia. Intsektuen artean erlea, inurria, kakalardoa edo tximeleta aurkituko dugu; eta gasteropodoen artean, espezie kolonizatzailea den Theba pisana edo dunetako barraskiloa.