Amaia plaza
XIX. mendearen amaiera arte inguru hori dena padura zen, eta itsasontziak bertaraino sartzen ziren. Ontziola batzuk ere aritu ziren inguru horretan lanean. 1912an Arbustaingo padura ixteko baimena jaso zuen Zumaiako Udalak, eta eztabaida handia eragin zuen erabaki horrek. 1915ean Udalak erabaki zuen plaza horri “Alameda de Augusto Galvez Cañero” deitzea.
(RICARDO MARTIN, GUREGIPUZKOA.EUS)
Luis Martinez Kleiser idazlearen ekimenez, 1922an “Gran Hotel Amaya” izeneko hotela eraikitzeko paperak aurkeztu zituzten udaletxean, eta 1923rako egina zeukaten. Teniseko pista, antzokia, lorategiak, igerilekua… Luxuzko hotela izan zen, eta 1977an bota zuten. Plazaren izenari dagokionez, 1939ko paper batzuetan jada erabiltzen hasi ziren “Plaza de Amaya” izena. Duela hamarkada batzuk udako jaietan jolasak eta lehiaketak ere antolatzen ziren plaza horretan: zintak harrapatzen bizikletan, saltaka probak…