Arrangoleta plaza
XX. mendean sortutako auzoa da Arrangoleta, aurrez basadiak besterik ez zeuden inguru horretan. Rafael Del Pilarrek bitxikeria asko bildu zituen Arrangoleta 1945-1951 izeneko liburuan.
(KUTXA FOTOTEKA)
Herriko eskola (Nazionala) hor zabaldu zuten 1930 inguruan; gero, eskola nazionaleko ikasleak 1982an Julene Azpeitia ikastetxe berrira eraman zirenean, Zumea ikastola bihurtu zen Arrangoletakoa. 1998ra arte jarraitu zuen zabalik, eta 2001ean bota zuten.
Plazaren luzapen moduko bat da Talaimendi aldera dagoena, “plaza gorria” ere deitu izan dena. Etxe berezi bat ere egon zen hor, eskolaren parean, San Jose izenekoa (Beltzenekoa ere esaten zioten).
Orain Algorri interpretazio zentroa dagoen hori, berriz, abere hiltegia izan zen urte askoan, Mataderia deitzen zitzaion. Bestelako jarduera batzuk ere bazeuden inguruan; ontziola batzuk, adibidez, eta hiltegiaren atzean kontserba fabrika bat ere bai, Arbillagak abian jarri, Provost-en alargunak jarraitu eta gero Ortizek hartu zuena, 1954an itxi zuten arte.