Goiko alberga plaza
Arropak garbitzeko lekuei deitu izan zaie Zumaian “alberga”. Hitza arabieratik dator eta gaztelaniaz “alberca” ur biltegiari esaten zaio.
(ZUMAIAKO FOTOTEKA)
Lehen, urik ez zegoen etxeetan, eta arropa kanpoan garbitzen zuten, harri zabal leun batzuetan. Albergak sozializatzeko guneak ere baziren, ordea, horietan elkartzen zirelako emakume asko, eta arropak garbitu bitartean kontu eta kantu ugari ibiltzen zituzten.
Goiko Alberga 1840an eraiki zuten orain Artxiboa dagoen tokian, eta XX. mendean beste batzuk ere egon ziren Zumaiako herrigunean: Beheko Alberga (Ardantzabide hasieran, 1889koa), Arroakalean (Iturrikoa baserriaren ondoan) eta Estazio aldean, Zubiberriaren ondoan.
2022an udaletxearen atzealdeko plazari izen hori jartzea erabaki zuen Udalak. Hementxe inaugurazioan irakurritako hitzak.