Goiko plaza

Herriko plazarik zaharrena da, eta garai batean bakarra. Lehen beste izen batzuk zituen: Plaza Mayor (Plaza Nagusia), Plaza Vieja (Plaza Zaharra) eta Plaza Pública (Herriko plaza). 1913ko agiri batzuetan jada “Plaza de los Fueros” esaten zioten, eta 1980an euskarazko izena hartu zuen: “Foruen enparantza”.

Goiko plaza aspaldikoa.jpg   (ZUMAIAKO FOTOTEKA)

Gaur egun daukan itxura batez ere XIX. mendean eman zioten, hainbat lan eginda: erdian zeuden horma zahar batzuk kendu (mojaxarrenak), etxeak lerrokatu… Lehenago San Jose kale aldera zeukan herriko ate nagusia (portal de la villa), arte arbola batzuk zeuzkan inguruan, eta haien azpian egiten zituzten Kontzejuko bilerak, Martinez Kleiser idazleak kontatu zuenez. Bere garaian pilotalekua bat ere eduki zuen, Komentuaren ondoan. Erromeriak antolatzen zituzten plazan XX. mendean, eta bestelako ekitaldi handiak ere bai (Kontxako banderak ere udaletxeko balkoian astindu zituzten). 1930ean hantxe egin zen Arritokietako Ama Birjinaren koroatzea; zuri-beltzeko bideo eder batean ikus daiteke Euskadiko Filmategiaren artxiboan, eta Arritokieta Manterolak ere xehetasun batzuk kontatu zituen ahotsak.eus webguneko bideoan.