Mari kaleko plaza

Mari kalea izena hartu aurretik, Kaleberria zen elizaren atzealdeko hori. Izendegian ez dago plazatxo hau, kaleari lotutakoa delako, baina argazki zaharretan ere agertzen da, esaterako Eskola Nazionaleko ikasle taldeak don Krispin irakaslearekin. Alondegian egon zen eskola hori, 1930ean Arrangoletara eraman zuten arte.

Mari kaleko plaza.jpg   (ZUMAIAKO FOTOTEKA)

Beste ikastetxe batzuk ere egon dira Alondegian harrezkero: eskola profesional bat 1950eko hamarkadan hasita eta ikastolako gela batzuk ere bai, Arrangoletan denentzat tokirik ez zegoelako.

Tarteka kontzertu eta emanaldi txikiak antolatzen dira plaza honetan. Gaur egungo kultur etxea egin aurretik ere, inguru horretan kultur mugimendua bazegoen; luistarren lokalean zine emanaldiak antolatzen zituen bikarioak, Alondegian, eta 1945-50 bitartean antzezlanak ere asko egin zituzten. Mari kaletik Erriberara jaisteko eskailera horietatik sartzen zen aretora.

Alondegi barruko igogailuari esker, adineko jende asko ibiltzen da plazan, elizara errazago joateko.