Hondakin bilketa mankomunatuaren harira, eskualdeko enpresa eta establezimenduak bisitatuko dituzte Udal Elkarteko kale hezitzaileak

2017/09/19

Bisita horien helburua da sortzen dituzten hondakinen inguruko datuak biltzea eta sistemaren inguruan izan ditzaketen zalantzak entzun eta argitzea. Aipatutako sistema berria 2018an jarriko da indarrean.

2018ko urte hasieran hondakinak gaika biltzeko sistema berria jarriko du Urola Kostako Udal Elkarteak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian. Sistema berrian hondakinak gaika biltzeko puntuz puntuko zerbitzua izango dute enpresek eta ostalaritza eta merkataritzako sortzaile ertain eta handiek:

  •  Merkataritza eta ostalaritzako sortzaile ertain eta handiak: puntuz puntu honako frakzioak jasoko dira: hondakin organikoak, papera-kartoia eta errefusa.
  • Enpresak: industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira honako frakzioak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana.

 

Bisitak irailaren 20tik aurrera

 Hori dela eta, irailaren 20tik aurrera Udal Elkarteko Hondakinen Bilketa Zerbitzuko kale hezitzaileek bisitak egingo dituzte eskualdeko enpresa eta establezimenduetara, hainbat datu biltzeko: enpresa edota establezimendu bakoitzak sortzen dituen hondakin motak, sortzen dituen kopuruak, beharko dituen edukiontziak…

Horrekin batera, bisita horietan enpresa eta establezimenduek aukera izango dute sistema berriaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko.