ZUMAIAKO UDALAK BAT EGIN DU UROLA KOSTAKO UDAL ELKARTEAK ZABOR BILKETA ZERBITZUA MANKOMUNATZEKO AURKEZTU DUEN AKORDIOAREKIN
Horren arabera bost udalerrietako hondakinak Udal Elkarteak jaso eta kudeatuko ditu. Era berean, akordio horrek hondakinak gaika biltzeko zerbitzu sistema berriaren oinarriak onartu eta finkatzen ditu. Sistema mankomunatu berria 2018ko urtarrilaren 1erako martxan egongo da eta hondakinen %75 gaika biltzea du helburu.
Jakina da orokorrean zaborren eta hondakin sistemaren gaiak oihartzun handia hartu duela azken urteotan. Hori aintzat hartuta eta jakinik, aurreko legealdian sinatutako hondakin sistema gauza ezina zela, Udalera sartu orduko, gobernu taldea gogor aritu da Mankomunitatearekin batera elkarlanean, hondakinak biltzeko sistema berri bat adostu eta aurreko legealdian sinatutakoari erantzuna eman ahal izateko. Era berean, erabaki hori bailara osora zabaltzeko lanketa ere egin du.
Horiek horrela, gaia bailara mailan aztertu eta landu da eta bost udalerrietako egoerari zein egungo sistemari erreparatuta, guztien artean, zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa adostu da.
Orain arte Urola Kostako Udal Elkartea izan da hondakinak gaika biltzeko zerbitzuaren kudeaketaren arduraduna: papera, ontzi arinak, beira, biohondakinak, arropa… Errefusa jasotzeko zerbitzua aldiz Udal bakoitzak kudeatzen du, norberak berea.
Orain, ordea, zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko sinatutako akordioari esker, egoera hori aldatu egingo da eta Udal Elkartea arduratuko da bost udalerrietako hondakinen bilketa eta kudeaketaz, errefusa barne. Horrez gain, hondakinak gaika biltzeko zerbitzu berri bat ere ezarriko da.
Sistema mankomunatu berria 2018ko urtarrilaren 1erako martxan egotea aurreikusi dute Mankomunitatetik eta 2020rako gutxienez hondakinen %75 gaika biltzea du helburu.
Hondakinak gaika biltzeko sistema berria
Zumaiak eta bailarako gainerako 4 udalerriek Mankomunitatearekin sinatutako akordioari esker hondakinak gaika biltzeko sistema berri amankomun bat ezarriko da udalerri guztietan.
Horren arabera, etxeko hondakinak, hau da, errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira, 5 edukiontzi bidez bilduko dira. Errefusa eta organikoaren edukiontziak txipdun txartel bidez irekiko dira, egunero eta nahi adina aldiz. Horretarako, etxebizitza bakoitzari bere edukiontzia izendatuko zaio. Gainerako edukiontziek gaur egungo sistemarekin jarraituko dute.
Komertzio eta ostalaritzari dagokionez, organikoa, papera-kartoia eta errefusa biltzeko puntuz puntuko zerbitzu pertsonalizatua eskainiko zaie, komertzioari astean sei egunez eta ostalaritzari aldiz, zazpi. Beraz, ez dute txartel beharrik izango. Ontzi arinak eta beira kaleko edukiontzietan jasoko dituzte.
Enpresek ere puntuz puntuko zerbitzu pertsonalizatua izango dute eta organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma edo poliespana izango dira bilduko zaizkien hondakinak.
Azkenik, sistema berri honek landa eremuetan edukiontzi guztiak izango dituen gune berriak sortzea ere aurreikusten du.
Sistema berriaren abantailak
Zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeak eta hondakinak biltzeko ezarriko den sistema berriak abantaila ugari ekarriko ditu. Horien artean aipagarrienak:
- Baliabideak optimizatuko dira eta zerbitzu bera eskainiko da eskualde osoan.
- Hondakinak gaika biltzeko portzentaia igotzea lortuko da, gaur egungo %40tik %75-80ra bitarte.
- Errefuxa kopurua gutxituko da eta horrek tratamenduaren kostua murriztuko du.
- Herritarrek edukiontziak erabili ahal izango dituzte egunero, 24 orduz.
- Zerbitzu hobea eskainiko zaie merkatari, ostalari eta enpresei.
- Landa eremuan birziklatzeko aukera handiagoa egongo da.
- Herritarrei informatzeko eta laguntza emateko beharrezkoak diren baliabideak eskainiko dira, guztien artean hondakinen %75-80 gaika biltzea lortzeko.
Zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa ikusgai HEMEN
Albiste erlazionatuak
Hondakin bilketa sistema
- Aldaketak hondakinen edukiontzi-gunetan, Frantziako Tourra dela-eta 2023/06/26
- Koronabirusaren hedapena saihesteko hondakinen bilketa zerbitzuan hartutako neurriak 2020/03/18
- La próxima semana comienza una campaña de sensibilización para impulsar el Nuevo Sistema de Recogida de Residuos 2018/04/06
- Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina hasiko da datorren astean herriz herri 2018/04/06