Zabalik dago neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea

2020/12/15

Helduen ikastaroetako izen-ematea zabalduko dute oraingoz. Izan ere, haurren eta gazteen ikastaroak etenda daude, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Bestalde, jakinarazi dutenez, kiroldegian dutxak eta aldagelak erabili ahal izango dira aurrerantzean, eta kirol jarduera trinkoa hastean maskara erantzi ahal izango da.

Zabaldu dute kiroldegiko neguko ikastaroen bigarren hiruhileko izen-ematea, baina oraingoz helduen ikastaroetarako bakarrik zabaldu dute izen-ematea. Jada ohikoak diren Zumbacycling, pilates edo GAP jardueretan eman ahalko dute izena herritarrek, baita total training eta TRXean ere.

Halaber, haur eta gazteei zuzendutako jarduerak etenda daudela gogorarazi dute, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez emandako agindua dela-eta. Hori dela eta, ikastaro horietarako izen-ematea arauek baimentzen duten momentuan zabalduko dute.

Ikusi eskaintza osoa hemen

Ikastaro horiek guztietan prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte ikasle zein irakasleek, eta, osasun egoeragatik 20 saio baino gutxiago eginez gero, zati proportzionala itzuliko dutela argitu dute. Edonola ere, irizpide nagusia klaseak berreskuratzea izango da.

Kiroldegiko eta ikastaroetako arauetan zenbait aldaketa

Eusko Jaurlaritzak onartutako 44/2020 dekretua dela-eta, zenbait moldaketa izango dira Kiroldegiko eta ikastaroetako funtzionamenduak. Honakoak dira aldaketak:

  • Aldagelak eta dutxak erabil daitezke
  • Kardio gunean ez da maskararik erabili beharko jarduera trinkoa egiten denean
  • Ikastaroetan ere (cycling, TRX, total training, GAP eta zumba), jarduera trinkoa hasten denean, maskara kendu ahal izango da

Irizpideak aldakorrak izanik, kiroldegiko arduradunen irizpideak betetzearen garrantzia azpimarratu dute.

Aurrez zita hartuta

Osasun egoerak bere horretan jarraitzen duenez, Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu dezakete zita, 943 86 20 21 telefono zenbakira kiroldegira ohiko deituta (6:30-21:00). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.