Kultur eskaintza zabalarekin iritsi da udazkena Zumaiara
Urte amaierara bitartean zortzi antzezlan eta musika-ikuskizun bat izango dira Aita Mari aretoko oholtza gainean. Hitzaldiak, ipuin kontaketak eta bestelako ekitaldiak ere izango dira gurean.
Urteko azken hiruhilekoa kultur ekintzaz bete nahi izan du Zumaiako Udalak, eta prestatutako programaren berri eman dute gaur goizean, Aita Mari aretoan. Ekintza gehienak bertan egingo dira: zortzi antzezlan eta musika-emanaldi berezi bat. Bestelako ekitaldiak ere egingo dira bertan: bihar bertan, urriaren 1ean, Flysch Trailaren bueltan antolatutako liburu aurkezpena izango da; eta urriaren 13an (osteguna) urpeko zinema zikloa izango da. Ohiko zine programazioaz eta zine forum saioez gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek.
Aita Mari aretoan egingo direnez gain, ekitaldi gehiago ere izango dira, ordea. Besteak beste, honakoak: urriaren 10ean (astelehena) Ignacio Suárez Zulagoak Elogio de lo manual hitzaldia eskainiko du Oxford aretoan, urriaren 11n (asteartea) Irakurri Matte irakurle taldeko kideek Joseba Sarrionandiaren bisita izango dute, urriaren 19an 2-3 urte inguruko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa izango da liburutegian, eta egun berean Yayo Herrerok Ecofeminismo o barbarie hitzaldia eskainiko du Emakumeon* Etxean. Gainera, urriaren 29rako kontzertu bat prestatzen ari da Udala. Hemen ikus daiteke urrirako prestatutako egitarau guztia.
Zortzi antzezlan
Udazkeneko antzerki denboraldia urriaren 14an hasiko da, Tanttaka teatroaren Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlanarekin. Horren ondotik, helduentzako antzezlan gehiago ere izango dira Aita Mari aretoan: Oscar Terolen Mundos para lelos, Lore More antzerki taldearen Trapu zikinak, eta Horman Poster konpainiaren Souvenir.
Haurrentzat bereziki prestatutako antzezlanak ere izango dira udazken honetan: urriaren 23an Teatro Paraiso konpainiaren Úniko antzezlana (berez igande honetan egitekoa zen antzezlana, eta atzeratu egin behar izan da), Benetan Be antzerki taldearen Batetik bestera, Borobil Teatroaren Narziso, eta Di Dau Antzerki Faktoriaren Frankenstein.
Antzezlanez gain, azaroaren 18an musika-ikuskizun bereziak hartuko du Aita Mari. Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek zuzendu eta interpretatutako Arineketan kontzertua izango da Zumaian.
Sarrerak online ere bai
Aita Mari aretoko ekitaldietarako sarrerak erosteko hiru aukera desberdin dituzte zumaiarrek:
- Online, aurrez: sarrerakzumaia.eus webgunean
- Turismo bulegoan: esku-dirutan zein txartelarekin ordaindu daitezke sarrerak
- Leihatilan: esku-dirutan zein txartelarekin ordaindu daitezke sarrerak
Albiste erlazionatuak
Kultura
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20