Joseba Zulaikaren eta Jule Goikoetxearen bisitak izango dituzte 'Irakurri matte' irakurle taldean udaberri honetan

2025/03/17

Apirilaren 1ean Joseba Zulaikaren 'Aberriaren inpaseak' saiakeraz ariko dira, idazlearekin berarekin. Maiatzean Yukio Mishima idazle japoniarraren 'Maskara baten aitortza' aztertuko dute. Ekainean amaituko dute ikasturtea, Jule Goikoetxearen 'Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin' nobelarekin.

2025 _ apirila-ekaina.jpgUdaberriko liburu-zerrenda argitaratu du dagoeneko Irakurri matte irakurle taldeak. Aberriari buruzko saiakera bat, nobela japoniar bat eta errealitatean oinarritutako nobela bat aukeratu dituzte denboraldi honetarako.

Udaberriko lehen saioan, apirilaren 1ean, Joseba Zulaikaren 'Aberriaren inpaseak' saiakeraz arituko dira, idazlearekin batera. Ez aurrera eta ez atzera egoteak sortzen duen ezinegonetik abiatu da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea, gure gizartearen bilakaeraz kezkatuta dagoen edozeini interesatuko zaion liburua osatzeko. Gaur egungo eztabaida askoren kale itsuei beste modu batera begiratzeko osagaiak aurkituko ditu irakurleak saiakera honetan: euskaldunak gara ala baskoak? Euskararen aberria nahi dugu ala estatu independentea? “Gizartea” ala “herria” izan behar dira ardatz gure politiketan? Behin betiko erantzunak baino, gure geldiaro honen zergatiez pentsaraziko dizun lana duzu Aberriaren inpaseak.

Bigarren saioan Yukio Mishima idazle japoniar entzutetsuaren 'Maskara baten atzean' nobelaz ariko dira. XX. mendeko autore nagusietako bat da Mishima, Literaturako Nobel Sarirako hirutan izan zen hautatua, inoiz jaso ez bazuen ere. Nobela honetan Kochan nerabeak Japonia Inperialeko giro itoan atera beharko du aurrera, orein zauritu baten antzera, garaiko gizarteak inposaturiko moldeetara egokitzeko ahalegin betean. Bere gorputz eta sexualitateari ezin konta ahala maskara jarri arren, pubertaroan beste mutil batenganako erakarpenak bidea irekiko dio bere desiren eta betebeharren arteko gatazka sakonari. Maiatzaren 13an izango da saioa.

Ekainaren 10ean izango da ikasturteko azken saioa. Jule Goikoetxea idazlearen konpainian 'Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin' errealitatean oinarritutako nobela izango dute hizpide. 2024ko maiatzean kokatutako istorioa da. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han. Azokatik kanpo elkarbanatutakoak —taxi bidaiak, bizitzeko gogoz betetako taberna-zuloak eta jauregiak—, elkarrekin pentsatutakoak —Sarah Ahmeden, Vandana Shivaren eta hoteleko garbitzaileen ahotsak— eta horietatik abiatuta irudimenak sortutakoak —jainkosak, Buladak eta giza holobionteak— biltzen ditu umorez eta bizitasunez blaitutako kontakizun honek. Monoteismo ororen kontra eta, batez ere, bizitzaren izaera gatazkatsuari esku biekin helduta.

Uxue Alberdi idazle eta literaturzaleak gidatzen duen irakurle taldeak hamahirugarren ikasturtea du Zumaian. Hilabetean behin Alondegiko Moila gelan bildu izan dira taldekideak, irakurritakoak norberari zer ekarri eta iradoki dion partekatzeko. Astearteetan egiten dituzte saioak, 18:00etan.