Kiroldegiko energia kontsumoaren ia herena eguzki-plaken bidez hornituko da

2025/03/31

Zumaiako Udalak kiroldegian eguzki-plakak jartzeko lanak martxan ditu. Energia Planean jasotako neurrietako bat da honakoa, eta helburua da udal eraikinen energia autokontsumoa bultzatzea eta erregai fosilen kontsumoa murriztea, 2030erako jasangarritasun energetikoaren erronkei begira.

Zumaiako kiroldegian eguzki-plakak instalatzeko lanak martxan daude martxoaren hasieratik. Eguzki energia aprobetxatuz autokontsumorako sistema ezarriko da bertan, udal eraikin honen kontsumoaren ia herena energia berriztagarriaren eta autokontsumoaren bidez estaltzeko helburuarekin. Neurri hau ez da isolatua; kontrara, Zumaiako Udalaren Energia Planaren barruan aurreikusitako neurri bat besterik ez da honakoa [Energia Planari buruzko informazio gehiago beherago].

Proiektua Ekilor Energías Renovables enpresari esleitu zaio, eta guztira 74.383 euroko kostua izango du. Horietatik, 66.639 euro Next Generation Europako funtsen bidez finantzatuko dira; horrenbestez, Zumaiako Udalak 7.744 euro besterik ez ditu jarri beharko. 

Aurreikuspenen arabera, instalazio berriarekin, kiroldegiak kontsumitzen duen energiaren %28a eguzkiaren bidez sortuko da, ingurumen inpaktua murriztuz eta udalaren burujabetza energetikoa handituz. 

Lau hilabetez ariko dira bertan lanean. Hurrengo bi asteotan zehar obra honek eragina izango du inguruko trafikoan eta oinezkoen bidean, egun batez. Eguzki plakak eta egiturak ekartzen dituzten egunean gertatuko da hori. Data zehatza jakin bezain pronto emango ditu xehetasunak Zumaiako Udalak. 

Energia Planaren barruan kokatutako pausoa

Kiroldegiko eguzki plaken instalazioa ez da ekintza isolatu bat. 2023an onartutako Zumaiako Energia Jarduketa Planaren barruan kokatzen da, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzea du helburu. Lege horren arabera, 2030erako udal eraikinen energia kontsumoaren %32a iturri berriztagarrietatik sortu beharko da.

Kiroldegia da udal eraikinen artean energia gehien kontsumitzen duena, guztizkoaren %52, eta beraz, instalazio hau estrategikoa da helburu horietara iristeko. Horrez gain, Zumaiako Herri Eskolako Sagarbide eraikinean beste instalazio fotoboltaiko bat egitea ere aurreikusten da, eta hori beste hiru udal eraikinen kontsumoari lotuko zaio.

Bi udal eraikin horiek aukeratu behar izan ditu Udalak; izan ere, gaur egungo legediak ez du baimentzen Alde Zaharreko udal eraikinetan (udaletxea, Alondegia eta Komentua) eguzki plakarik instalatzen.

Energia Planaren beste urratsak

Zumaiako Udalaren Energia Planak hainbat neurri biltzen ditu. Horietako batzuk egin dira dagoeneko, eta beste batzuk bidean dira:

  • Kaleko argiteria guztia LED sistemara egokitu da, eta horrekin %75eko kontsumo jaitsiera lortu da

  • Udal eraikin gehienetan ere LED sistemak ezarri dira

  • Eraikinen isolamendua hobetzeko lanak egingo dira hurrengo urteetan

  • Eguzki energiaz gain, bestelako sistema kolektiboak aztertzen ari dira etorkizunera begira

  • Energia berriztagarrien kontsumoa sustatzen duten kooperatibak bultzatzen eta laguntzen ari da Udala (Egutera eta Piztu kooperatibak)

Eguzki-plaken instalazio honek herritarren eskaera bati ere erantzuten dio; partaidetzazko aurrekontuen barruan lehenetsitako proiektuetako bat izan zen udal eraikinetan eguzki-plakak jartzearena.