Udal adierazpena, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

2022/11/25

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Zumaiako Udalak ondorengo adierazpen instituzionala plazaratu du. Gaur goizean eskoletako ordezkarien adierazpena egingo dute udaletxean, eta arratsaldeko 19:00etan Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioa egongo da.

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erail dituzte Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu 2022an zehar erail dituzten Sara Pina Ieregi, Felisa S.P. eta Maria Luisa Larrañaga.

Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, jai giroan gertatutako erasoen gorakada eta bereziki sustantzia kimikorik gabeko ziztaden bidez egindakoak. Antolatutako emakumeonganako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso horiek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, horiek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Isiltasunak normalizazioa dakarrelako, onarpena. Eta aspaldi esan genuen ez gaudela egoera hau gehiago onartzeko prest.

Urte luze hauetako lana izan da indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua, sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makroinkestak datu larria mahaigaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragiten duen Berdintasun Legearen erreforma egin da, indarkeria matxistaren kontzeptualizazio irekiago bat ekarri duena. Espainiar estatuan ere, Askatasun sexualen legea onartu da. Urte luzeetan mugimendu feministak mahaigaineratutako hausnarketak eta eskaerak kokatu dira lege testu horietan, hala nola abusuaren eta erasoaren arteko banaketa amaitzea; indarkeria matxista bikote eremutik at eta hainbat alorretan gertatzen dela ikustaraztea; indarkeria digitalak, instituzionalak eta obstetrikoak izendatzea; sexu erasoak artatzeko krisi zentroak eraikitzea; eta abar. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berritzea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina hauek ez dute ezertarako balio, garapenerako aurrekontu eta baliabide teknikoak ezartzen ez badira.

Azaroaren 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasunari zuzenean erasotzen dioten administrazio erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Urte honetan gainera, atzerakada ekonomikoaren mamua haizatzen ari den honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu behar ditugu politika eta zerbitzu publikoak. Berdintasunaren norabidean kokatu edo indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere oinarrizko beharrizan bezala identifikatzen ditugu. Dauden baliabide eta proposamen egokiak babestu edo berriak sortzeko momentu aproposa da hau ere. Jendarte hau osatzen dugun guztiok konpromiso hori hartu behar dugu. Eta batez ere erakunde publikoetan gaudenok.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena eta bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek hartzen ditugu gure gain:



  • Kontzientziazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta erreparazio lana sustatzen jarraitzea, indarkeria matxistak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.

  • Berdintasun unitateak egonkortzea eta indartzea.

  • Jai giroan gertatzen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berritzea, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egitea.

  • Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak egiten jarraitzea, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzea.

  • Mugimendu Feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.