2024ko Euskararen Eguneko adierazpena: 'Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko'

2024/12/03

Azaroko ohiko osoko bilkuran UEMAren adierazpenari babesa ematea adostu zuen Zumaiako udalbatzak.

2024ko Euskararen Nazioarteko Egunean, Zumaiako Udalak honakoa adierazi nahi du, UEMAren adierazpenarekin bat eginda:

Euskararen biziberritze prozesuak susperraldi egoera bizi izan du azken hamarkadetan, baina badira urte batzuk euskararen egoera bidegurutzean dagoela entzuten hasiak garela. Euskararen gaur egungo egoera zein den ulertzeko Iñaki Iurrebasoren doktore tesiak proposatutako ikuspegi berriak edota Euskaltzaindiaren gogoeta guneak ere argi erakutsi eta adierazi dute jauzi sendoak emateko unea iritsi zaigula.

Euskara bi hizkuntza hegemonikorekin talka egoeran dagoen hizkuntza gutxitua izanik, aldeko hizkuntza politikak egin beharra ezinbestekoa da euskarari eutsiko badiogu. Gainera, globalizazio egoerak, aldaketa demografikoek eta digitalizazioak, besteak beste, ez dizkigute errazten hizkuntza gutxituak indarberritzeko aukerak. Dugun errealitatea, euskararen egiturazko arazoei heltzeko azken aukera izan daiteke. Jauzi berria emateko unea da, aurrerantz egiten ez badugu atzerantz egingo dugulako. Datuek horixe erakusten digute: euskal herritarren %13k erabiltzen du euskara erdarak baino gehiago; %8 aritzen da euskaraz erdaretan baino errazago; eta, transmisioari erreparatuz gero, Hegoaldeko haurren %17k jaso du etxean euskara nagusitasunez. Era berean, euskal herritarren %4 soilik bizi da euskara nagusi den eremuetan. Alegia, euskaraz normaltasun erlatiboz bizi daitekeen guneetan. Gainera, gune horiek ahultzen ari zaizkigu. Horrenbestez, ELEN Europako Hizkuntza Gutxituen sareak eta Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi berri duten bezala, guk ere euskara larrialdi linguistikoan dagoela adierazi nahi dugu.

Horrez gain, nabarmendu behar dugu, joera soziolinguistikoaz harago, epaitegietatik ere euskararen aurkako neurriak hartzen jarraitzen dutela. Gure hizkuntzaren aurkako oldarraldian murgilduta jarraitzen dugu.

Horri guztiari aurre egiteko, inoiz baino gehiago, euskararen aldeko neurriei tinko heldu behar diegu, eta jauzi handi bat eman norabide egokian.

Eginkizun horretan berebiziko garrantzia dute arnasguneek eta udalerri euskaldunek, horiek erakusten dutelako posible dela euskaraz bizi den herria. Hizkuntza guztiek behar dituzte beraiek nagusi diren eremuak, hizkuntza naturalki transmititzen den eremuak, hizkuntza garatu dadin, normalizatuz eta zabalduz. Horregatik, gune euskaldunek ardura dute jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Guk erantzukizun hori geure egiten dugu, eta konpromisoa hartzen dugu zeharkako hizkuntza politika aurrerakoiak indartzeko.

Azken hamarkadetan euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko bizi-indarra izango dugu. Olatu berria sortzeko unea orain da, eta olatu horren eragile izango da UEMA ere.