Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek
Garai diferenteetako Zumaiako biztanleen eguneroko mintza- eta idatz-jardunari buruzko informazioa jaso du, hain zuzen, 1766-1966 urte-epeko jendearen eguneroko bizimodua, euskarak herrian hartzen zuen lekua, eta garai historiko horretako gertaera desberdinak. Liburua dagoeneko turismo bulegoan dago salgai.
2018an, Zumaiako Udalak euskararen historia soziala ikertzeko beka atera zuen, denbora- eta leku-baldintza zehatzekin: 1766. eta 1966. urteen arteko denboraldia aztertu behar zen, 18 hilabetean eta Zumaia herriaren eremuan. Imanol Azkue euskara-teknikariak proposamen bat aurkeztu zuen, eta bi urtez ibili zen liburu eta paper artean, Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentzia, eragina eta eboluzioa aztertzen. Azkuek 2020an aurkeztu zuen bere ikerlana jendaurrean, baina ordutik ezkutuan izan da, gaurdaino. Orain, Euskaltzaindiak argitaratu du, Etxeberri bilduman, Zumaiako Udalaren laguntzarekin: Mendez mende Zumaian euskaraz (XVIII., XIX, eta XX. mendeetan barrena (1766tik 1966ra).
Gaur aurkeztu da argitalpena Zumaiako Komentua kultur topagunean, eta agerpenean izan dira Aitor Manterola euskara zinegotzia, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria, Belen Uranga hizkuntzalaria eta Imanol Azkue lanaren egilea.
Hizkuntzen Historia Sozialaren eremuan kokatzen da Imanol Azkue Ibarbiaren lana, hau da, egileak herriko historiari erreparatu dio, batez ere historia sozialari, historia xeheari, eguneroko bizimodua aztertzen eta deskribatzen duten historialarien ildotik. Honela, Zumaiari buruzko liburu honetan, Zumaiako garai diferenteetako biztanleen eguneroko mintza- eta idatz-jardunari buruzko informazio fidagarria izango du irakurleak. Ondo deskribatu ditu egileak 1766-1966 urte-bitarteko jendearen eguneroko bizimodua, euskararen lekua eguneroko bizimoduan, garai historiko horretako gertaera desberdinak: gerrak, berrikuntza teknologikoak, garraioaren azpiegiturari lotutakoak eta Zumaiari berari atxikitako bestelako aldakuntzak. Hau da, eleberri bat balitz bezala irakurtzen den ikerlan honetan historia eta istorioak nahasten dira, eta, funtsean, Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentzia eta lekukotasuna aztertu dira. Azkuek berak esan legez, «lehendik ere egin izan dira azterlan eta ikerketa ugari Zumaiaz, baina horietan gutxitan izan da propio euskara muina». Horra hor liburuaren berezitasun nagusia.
Ideia horren harira, ikerlana egiterakoan zerk xaxatu zuen azaldu du egileak: «Zumaiarrok geure sentitzen dugu euskara, eta sumatzen dugu Zumaiaren eta euskararen arteko lotura oso aspaldikoa dela. Hori egiazta dezakegu, besteak beste, Zumaiaren historiako agiririk zaharrenen bidez; esate baterako, sorrerako hiri-gutunean, 1344an, gaur egun ere ia izen berberekin ezagutzen ditugun euskarazko leku-izenak ageri dira: Ynçuru, Narruondo, Ozpide, Ardança, Arteaga, Vitarte… Izen horiek erakusten digute orduko zumaiarrek euskaraz izendatzen zituztela lekuak, nahiz eta agiriak euskaraz idatzita ez egon. Ordutik, euskara belaunaldiz belaunaldi joan da eta iritsi zaigu gurera, baina ezer gutxi dakigu Zumaian euskarak eta euskaldunek egindako ibilbideaz eta bizi izandako gorabeherez, ez bada azken 70-80 urteetakoez: noiz egon ziren indartsu eta noiz ahul, zerk hauspotu zien gogoa eta zerk uzkurtu zien bihotza. Iraganari begiratuta, badago zer ikertua, ez dugulako nahi edo behar bezala ezagutzen».
Euskara, identitatearen eta memoria kolektiboaren funtsezko euskarria
Liburua hiru une historiko jakinetan banatu du Azkuek: 1766-1876ko epea, Matxinadatik Errestauraziora; 1876-1936ko epea, Errestauraziotik altxamendu militarrera; eta 1936-1966, Gerratik ikastolaren sorrera-unera. Garai historiko nagusien araberako banaketa egin du autoreak, garai bakoitzean dagokion azterketa soziohistorikoa aurkeztuz, alde batetik, eta euskarari lotutako informazioa emanez, ondoren. Lanaren bukaeran, ondorioentzat utzitako atal interesgarria jaso du.
1766. eta 1876. urte arteko garaia —matxinadetatik Errestauraziora bitartekoa— euskal gizartean, eta Zumaian ere oso eraldatzailea izan zen, karlismoaren eta liberalismoaren arteko talkak eta horien ondoriozko gertaerak —gerrak, altxamenduak, borrokak— bizi izan baitziren. Testuinguru horretan, gaztelaniaz mintzo ziren goi-mailako agintariek zubi-lana egin zuten estatuaren eta herriaren artean, gaztelania harreman ofizialetan ezinbestekoa baitzen. Hala ere, euskararen erabilera sozialak nagusi izaten jarraitu zuen, eta herritar gehienek estatuko hizkuntza-politikei aurre egiteko gaitasuna izan zuten, estatua ez baitzen gai komunitatearengana eraginkortasunez iristeko. Imanol Azkuek jaso bezala, euskararen presentzia sendoa zen harreman sozialetan. Erresistentziako irudi nabarmen gisa ageri zaigu euskara, esparru formal eta ofizialetan gaztelaniak erabateko nagusitasuna izan arren, herri xehearen eguneroko hizkuntzak euskara izaten jarraitzen zuelako.
Bigarren epealdian, ordea, 1876. eta 1936. urte bitartean, aldaketa politiko eta sozialek eragin sakona izan zuten Zumaian, eta gaztelaniak indar handia hartu zuen hizkuntzen arteko lehian. Euskara nagusi zen itsas eta nekazaritza-jardueretatik gaztelaniaz egiten zen industria-esparruetara igaro zen gizartea. Hala, modernizazioaren eta industrializazio-prozesuaren ondorioz, euskararen erabilerak atzeraka egin zuen. Nolanahi ere, testuinguru horretan, Euskal Pizkundearen garaian euskararen aldeko kontzientzia ernatu zen Zumaian ere, eta euskara aktiboki defendatu eta sustatu zen.
1936 eta 1966. urte arteko garaian, ordea, Gerra Zibilak eta frankismoak euskararen erabilera publikoa gogor zapaldu zuten, baita Zumaian ere: eskola, Administrazioa eta, neurri batean, kalea gaztelaniaren menpe geratu ziren. Egoera ilun horretan, euskararen aldeko erresistentzia-moduak ere sortu ziren, ordea: Zumaian bertan, antzerkia, kantua eta erlijioarekin lotutako jarduerak hizkuntzaren biziraupenerako guneak bilakatu ziren.
Horrela, Azkueren lanak erakusten du Zumaian euskara gai izan dela Espainiako estatuaren presioari aurre egiteko bizitza sozialean, kulturan eta lan-munduan, eta esparru formaletan gaztelania nagusitu arren, euskarak bere balio soziala eta kohesio-indarra ez dituela egundo galdu. Honela, euskara ez da soilik komunikazio-tresna izan, baizik eta baita identitatearen eta memoria kolektiboaren funtsezko euskarria ere.
Egileak eskerrak eman dizkie aurkezpenean parte hartu dutenei, eta liburua posible egin duten Zumaiako Udalari eta Euskaltzaindiari. Xabier Azkue anaiari ere esker bereziak eman dizkio.
2020an entregatu zuen Zumaiako Udalak emandako ikerketa-bekaren emaitza, eta bost urte beranduago egin ditu itxiera lanak. Azkueren arabera, prozesuan zehar «burugogor» aritu behar izan du; lehen mailako iturriak eta bigarren mailakoak arakatzen aritu da, artxibo-lan sakonean, askotan «zer bilatzen ari nintzen ere ez zekiela». Prozesu neketsu horretan berean topatu ditu, ordea, liburuan agertzen diren hitz eta gertaera mordoa, «askotan sorpresaz, erdarazko testuetan ezkutatuta».
Egileak nabarmendu du urte askoan euskara izan zela Zumaiako hizkuntza bakarra, eta gutxi batzuek bakarrik zekitela gazteleraz. XIX. mendetik aurrera etorri zen aldaketa, kanpotik, indar politiko jakinek hizkuntzen arteko pisua aldatu zutenean. Kanpo-indar horren aurrean euskara bizirik mantendu duen motorra «herritarren borondatea eta eguneroko praktika» izan da, haren hitzetan. Nabarmendu du Zumaia 1.000 biztanle izatetik 10.000 biztanle izatera pasa den herria izanik ere, bizipenak eta bizimoduak askotarikoak izanagatik, horietatik gehienak euskaraz bizi izan direla urte guztiotan.
Lanaren balioa eta garrantzia
Ekitaldiaren sarreran Aitor Manterola euskara zinegotziak azpimarratu du Azkueren lanak iragana eta egungo erronkak lotzen dituela: «Imanolek garai bateko euskararen erretratu soziala eta gaur egungo egoera elkarrizketan jarri ditu; orduko zailtasunekin eta oraingoekin jarraitzen dugu, eta horregatik da beharrezko halako ikerketa sakona».
Euskaltzaindiaren izenean, Miriam Urkiak esan du Zumaia «puzzle zabalago baten pieza garrantzitsua» dela. Gogoratu du Euskaltzaindia aspaldidanik ari dela euskararen historia soziala aztertzen, «oztopoek eta debekuek zein diglosi egoerak izan duten eragina aztertzeko». Urkiaren esanetan, euskararen inguruko ikerketa bada ere, eleberri historiko moduan irakur daitekeen lana osatu du Azkuek.
Bere aldetik, Belen Uranga Larraina euskara elkarteko kide eta Euskaltzaindiako jarraipen batzordeko partaideak liburuaren balioa nabarmendu du: «Lan honek argi erakusten du euskara ez dela komunikazio tresna hutsa, baizik eta memoria kolektiboa eta komunitatea eraikitzeko giltza». «Imanolek Zumaian mendeetan zehar egon den indar bikoitza jaso du: estatuaren presioa batetik, eta herriaren erresistentzia eta borondatea bestetik», zehaztu du. Urangaren hitzetan, ikerketak «gaur egungo egoera ulertzeko tresnak eta etorkizunerako argudioak» eskaintzen ditu.



